Txaloz eta takoi hotsez bete zen Antzokia

Ander Gomez 2024ko mar. 4a, 08:11

Zapatuan, Andaluziaren Eguna ospatzeko dantza eta kantu flamenkoen ekitaldia antolatu zuen Ermuko zentro andaluziarrak. Ermua Antzokian egin zuten aurten, eta goraino bete ere, andaluziar jatorria duten edota bertako kulturaren zale diren herritarrekin.

Irudiak: Estibalitz González.
Edizioa: Ander Gomez.

Otsailaren 27an izan zen Andaluziaren Eguna eta berau ospatzeko ekitaldia antolatu zuten Antzokian pasa den asteburuan.

Andaluziaren bandera erraldoia atzean proiektatuta zutela, ederki errepresentatu zuten ikurra taula gainera igo ziren flamenko zale zein profesionalek. Dantza saioen artean, Sestaotik etorritako Triana taldearena eta Eva Riveraren akademiarena izan ziren; azken hau, Ermuko dantza ikasleen parte hartzearekin.

Eva Riverari lore-sorta oparitzen, Ermuko zentro andaluziarraren eskutik.

Ekitaldia borobiltzeko, Adrián Benítez kantaoreak kontzertua eskaini zuen: medio gutxi —kajoia, gitarra bakarra eta ahotsa besterik ez eszenatokian— baina sentimendua soberan, laster asko bereganatu zuen entzulegoa eta txalo zaparrada artean agurtu zuten artista sevillarra.

Bideoan ikusgai ikuskizun bakoitzaren mostratxo bat eta Andaluziako berbak jasotzen dituen kantua euskaratuta.