Max Sarien XXVII. edizioa ospatuko da aurten eta aurkeztu diren 522 obren artean proposatu dute Madrilgo Sin Fin konpainiaren Lupe y Pancho antzezlana. Testua Alain Kortazarrena da eta Pancho pertsonaia interpretatzen du Rosi Tejerarekin batera (Lupe) taula gainean.
Bi anai-arreben istorioa da, eta Mexikoko jaioterritik irten eta antzezten ari diren herriko plaza bereraino egiten duten bidaia kontatzen du. Bertara heltzeko, baina, Estatu Batuetako muga gurutzatu behar dute, lapurreta eta engainu saiakerak jasaten dituzte, putzua zeharkatu beharra daukate... "Paperik gabeko migratzaileak gara eta bisitatzen dugun herrialde bakoitzetik botatzen gaituzte" dio Alain Kortazarrek; eta, mexikar biren kasu konkretu hau antzeztu arren, obrak "migratzaileen istorioa orokorrean, euren egoera eta bizipenak kontatzea" duela muin eta helburu azpimarratu du.
Argazkia: F. Bódalo.
Migrazioaren arrazoiak hamaika izan daitezkela dio, “beharra, plazerra, formakuntza hobeagoa bilatzea…”; kasu honetan, “bizitza hobeago baten bila” doazen anai-arrebak dira eta horren inguruan kontzientziatu nahi dituzte umeak.
Familiak pentsarazten jartzeko
Helduentzako gaiak ere jorratzen dituenez, Familien Sailean kokatuta dago Lupe y Pancho. Ez omen da “haurrak lehenengo filan jarrita utzi eta amaitu arte itxaroteko obra”, kontrara, familian pentsarazteko da: "Gurasoak negarrez irtetzen dira eta eskerrak ematen dizkigute horrelako gaiak haurrei esplikatzearren".
Azken aldian, gainera, kanpaina egiten ari dira eskoletan eta migratu duten Latinoamerikako haurren eta familien babesa sumatu dute batez ere: "eskerrak ematen dizkigute, besarkadak, umeek marrazkiak egiten dizkigute... hunkigarria da benetan".
Uztailaren 1ean izango da Max Sarien XXVII. edizioaren sari-banaketa, Tenerifen.