Pintura Eskolako erabiltzaileek eta familiek adierazpen publikoa egin dute

Drogetenitturri 2024ko mar. 11a, 17:46

Pintura Eskolako erabiltzaileek eta familiek kartelak sortu dituzte eskolaren egoera salatzeko.

Martxoaren 5ean Udalak deitutako bilera eta gero, Pintura Eskolako erabiltzaileek eta familiek ekintza ezberdinak burutuko zituztela adostu zuten. Horietako lehena aurreko astean gauzatu zuten, Eskolaren egoeraren berri kartel baten bitartez herrian zabalduz. Bigarrena, egunotan burutzen ari dira, eta Udalari zuzendutako idatzi bat jendartean zabaltzen ari dira.

Pintura Eskolako erabiltzaileek eta familiek adierazpen bateratua prestatu eta zabaltzen dihardute azken egunotan. Prestatu duten idatzi horretan, egungo egoeraren berri jasotzen da, eskolaren jarduera bertan behera geratu izanaren damua, eta Udalari egiten dizkioten hainbat eskaera ere: "irakasleak berehala  berrezarri ditzala" eta, euren esanetan, haiena ere baden Irazki Pintura Eskola itzul diezaietela, hain zuzen ere. 

Jarraian irakurri daiteke adierazpen osoa:

"SOS PINTURA ESKOLA

Egun on guztioi, Ermuko eta inguruko herritar talde bat gara, gure herria, kultura eta, bereziki, pintura maite ditugunak. Zorte handia dugu gure herrian Pintura Eskola dugulako: ikastera, erlaxatzera eta irribarre egitera bultzatzen gaituena, baina, batez ere, astero zoriontasun zati bat ematen digun eskola delako. Rosa eta Natalia irakasleen ahalegin eta dedikazioari esker, Ermua pinturaren arloan erreferente gisa kokatzea lortu dute, Ermuak duen maila kultural nabarmenarekin bat eginez.

Pintura Eskolan haur eta helduok irakaskuntza baliotsua jasotzen dugu, beti giro osasuntsu eta aberasgarrian. Baina dena ez da dirudien bezain polita. Badirudi, Pintura Eskolaren atzean dagoen gure udala, ez datorrela bat gure iritziarekin. Izan ere, gaur, martxoaren 5ean, bilera batera deitu gaituzte, eta bertan jakinarazi digute eskola ostiral honetan, martxoaren 8an, amaituko dela. Arrazoi gisa, esan digute ez dela enpresa bakar bat ere ez aurkeztu lizitaziora. Hau guztiz ulertezina da guretzat, kontuan hartuta irakasleek 25 urte baino gehiago daramatzatela etengabe eskolak ematen. Bileran behin eta berriz esan digute planteatzen dituzten baldintzetarako irizpideak “araututa” daudela, “inguruko eskolekin lerratuta” egon nahi dutela, egungo irakasleak asko baloratzen dituztela eta ahal duten guztia egingo dutela zerbitzuari jarraipena emateko, baina egungo lege-esparruak aukera bakarra uzten duela: zerbitzua hiru egun barru eten eta lizitazio-prozesu negoziatu bat hasi.

Gure ustez, egoera horren erantzule bakarra Udala da, eta ez zerbitzua ematen ari zen enpresa, nahiz eta lehiaketara ez aurkeztu (argitu zituzten ez aurkeztearen arrazoiak eta behar izanez gero, sakonduko dute horietan). 

Udal honek eraginkortasun eza erakutsi du, ez baititu arazo horiek guztiak garaiz konpondu.

Guzti honen ondoren, geratzen zaiguna zapore garratza da: gure herriko baliabideak kudeatzeko ardura duten pertsonek proiektua suntsitu dute. Ez gara diruaz ari, gure Pintura Eskolaz baizik, eta bertako irakasleez, orain soldatarik gabe, proiekturik gabe eta 25 urte baino gehiagoz beren bizitzei zentzua eman diena galtzera behartuz. Gure seme-alaben, anai-arreben, lagunen eta gurasoen ilusioaz ere hitz egiten dugu; izan ere, beste proiektu batzuekin gertatu ohi den bezala, bertan behera utzitako zerbitzuak ez direlako inoiz gehiago berrezarri.

Momentu honetan, Udalari eskatzen diogu, orain arte izan ez dituen gizatasun, zintzotasun, borondate on eta koherentziaz jardun dezala, bi irakasleak berehala  berrezarri ditzala, lizitazioak alde batera utzita, eta egin dezaketen guztia egin dezatela, langileei lan-baldintza justuak eskaintzeko eta gurea ere baden Irazki Pintura Eskola itzul diezagutela.

Pintura Eskolako erabiltzaile eta familiak"