Zer da Pandemonium raida?
Astebete irauten duen lasterketa da, Marokon barrena egiten dena: Atlas mendikatean hasten da, basamorturaino jaisten da, Merzougaraino, eta berriro gora bueltatzen da. Helburua ez da lehena heltzea, baizik eta bidean arropa, oinetakoak, mantak, eskola materiala, jostailuak eta janaria banatzea. Kotxeak topera eramaten ditugu!
Nolatan izan zenuten ekimen honen berri?
Carmen: Miguelek zazpi urte daramatza Eibarko tailer mekaniko batean lan egiten, eta bere nagusiak Pandemoniumera joateko gonbitea egin zion, dron batekin euren bidaia grabatzeko. Izugarri gustatu zitzaion, eta hurrengo urtean, 2019an, biok parte hartu genuen. Horretarako kotxe zahar bat erosi genuen (30 urte izen behar dituzte kotxeek gutxienez eta 60CV gehienez), konpondu, egokitu eta hara joan ginen. Topera gozatu genuen, eta aurten, ni ezin izan naizenez joan, Miguel eta nire anaia den Josemi joan dira, martxoaren 2tik 9ra bitartean.
Zer nolako esperientzia izan da?
Josemi: Oso esperientzia polita, eta kontrastez betea. Atlaseko mendietan zehar ibili gara, 3.000 metrotara, inguru oso berdeetan, eta handik egun batzuetara basamortuan. Bizimodua oso ezberdina da bi leku horietan, jakina. Atlasen ikusi ditugun herrixka batzuk zibilizaziotik oso urrun daude, eta iazko lurrikarak bete-betean jo zituen. Ezer gabe bizi dira: 4 ardirekin eta asto batekin, kasurik onenean, eta hotzak akabatzen daude. Haiei eman genizkien arropa gehienak.
Zenbat kilometro inguru egin dituzue?
4.000 edo 4.500 kilometro inguru, eta oso gogorra da. Joaten garen guztiok errepikatu egiten dugu, esperientzia zoragarria delako, eta horren eraginez aurten adibidez ez da izen-ematea zabaldu, plaza guztiak beteta zeudelako. Horrek ez du esan nahi samurra denik: ordu asko kotxean, bide eskasak, hotza, beroa, lokatza, matxurak... baina merezi du! Oso herrialde aberatsa da naturari eta kulturari dagokionez. Gehienok abenturak erakarrita ematen dugu izena, baina benetan asetzen zaituena da bertan ikusten duzuna, bertakoekin duzun hartu-emana.
Ibilbidea hasi aurretik zehaztuta dago?
Miguel: Bai, urtetik urtera aldatzen dute, eta inguru berdinean ibiltzen garen arren, bide ezberdinetatik goaz, asfaltatutako errepideetatik kanpo. GPSan koordenada batzuk kargatzen dizkigute lehenengo egunean eta ordutegia ematen digute. Etapa bakoitza bukatutakoan, hotel berean elkartu behar gara denok, eta antolatzaileek aztertu egiten dute nortzuk pasatu diren adierazitako koordenada guztietatik eta nortzuk gainditu dituzten proposatutako proba guztiak. Horren arabera puntuak lortzen dira, eta bukaeran hainbat sari banatzen dituzte: 4x4 kotxeen kategorian eta 4x2 kotxeetan. Oso giro ona dago, eta guztiok gaude elkarri laguntzeko prest, horregatik banatzen dira ere lagunartekotasunaren eta sinpatiaren sariak, eta horiek dira garrantzitsuenak, antolatzaileek eta parte-hartzaileek aukeratzen dituztelako irabazleak.
Saririk lortu duzue?
Bai, podiumera igo gara: gure kategorian, 4x4an, bigarren geratu gara eta lagunartekotasunaren saria irabaztekotan egon ginen, baina azkenean beste talde bati eman zioten.
Proiektu honetan parte hartzeko inolako laguntzarik jasotzen duzue?
Gure ezagunek arropa ematen digute, eta edizio honetan herriko bi saltokik jostailuak eta eskola-materiala eman digute (Villa de Ermuak eta Kopifaxek), eta San Pelayo Eskolak pelutxe pilo bat ere, gabonetako merkatu txikian jaso zituztenak. Horrez gain, gure amak zeramika-eskolan egindako lanak saltzeko baimena eskatu zuen, eta jasotako diru guztia gasolina, inskripzioaren zati bat eta materiala erosteko erabili genuen. Lagundu nahi dutenek, Instagram bitartez jarri daitezke harremanetan gurekin, @tabiok perfilean.
Esperientzia errepikatuko duzue?
Josemi: Bai, datorren urtean Carmen eta Miguel joango dira, Tabiok taldea eurena da-eta. Niri ere gustatuko litzaidake talde sortzea, berriro parte hartu ahal izateko, baina garestia da, kotxea behar da... Ikusiko dugu!
Carmen Hernández arropa banatzen Atlasen, 2019ko edizioan.