Laburbiraren emanaldia eta Labur-labur lehiaketa egingo dira apirilean

Dorleta Vidal 2024ko api. 2a, 07:00

Euskal Birusa Euskara Elkarteak eta Gazte Asanbladak Laburbirako saioa antolatu dute apirilaren 25erako, osteguna, 20:30ean. Horrekin lotuta, Labur-labur film laburren lehiaketa antolatu dute 16 urtetik gorakoentzat, eta guztira 450 euro banatuko dituzte kategoria ezberdinen artean.

Euskarazako film laburren zirkuituak, Laburbirak, 21 urte beteko ditu aurten, eta apirilaren 25ean Ermua Antzokian izango da. Bertan, eduki zein estilo ezberdineko zortzi film ikusteko aukera egongo da: Dena asmatuta dago (Jone Arriola), Katalinaren zoria (Guillermo Ordás), Erro (Amaia Lejarreta), Babesa (Ander Iruretagoyena), Mundu berri bat (Mikel Alvarez), Zirrara (Ane Cuesta), Talkak (Ilune Diaz eta Jordi Nuet) eta Betizu buru (Kim Maiteny Munoa).

Horrez gain, aipatutako bi elkarteek Labur-labur film laburren lehiaketa antolatu dute aurten ere, "Aisialdirako aukera berriak" gaiaren inguruan. Aurkezten diren bideoek 10 minutuko iraupena izango dute gehienez, eta euskaraz izan beharko dira (ez dira onartuko kutsu sexista, arrazista zein homofoboak dituzten lanak). Parte hartzeko azken eguna apirilaren 26a izango da (ondoko QRaren bitartez), eta sari banaketa maiatzaren 2an burutuko da, 18:30ean Lobianon. Bi kategoria egongo dira: 2005a baino lehen jaiotakoentzat, eta 2006an, 2007an eta 2008an jaiotako gazteentzat.