Ermuko historiaren atalak komikietan jasota

Dorleta Vidal 2024ko api. 3a, 07:32

Ezkerretik hasita, Daniel Gojénola (kolorista), Kike Infame (marrazkilaria) eta Mikel Begoña (gidoilaria) Bilboko Plaza Berriko arkupeetan.

Mikel Begoña gidoilaria, Kike Infame ilustratzailea eta Daniel Gojénola kolorista dira “Ermua binetetan” komikiaren egileak. Ermuko Udal Liburutegiak sustatutako proiektu honi esker, herriko gertakariekin eta pertsonaia ezberdinekin lotutako pasarteak jaso dira bi komiki ezberdinetan: Saturno Ermuan (2022ko abenduan argitaratua) eta 1794. Marte eroturik (datozen asteotan aurkeztuko dena).

Kike Infame marrazkilari bilbotarrak aspaldidanik dauka lotura Ermuarekin, Udal Liburutegiak eskaintzen duen komikien irakurketa klubeko dinamizatzailea baita hasieratik, 2018tik. 2022an, gainera, harremana estutu egin zen, berak eta Mikel Begoña gidoilari eta historialari sopeldarrak "Komikia: Euskal komikia 1975etik 2017ra" erakusketa ekarri zutelako gurera. "Ermuko Udal Liburutegiak komikiaren aldeko apustua egin zuen aspaldi —aitortu dute biek—, eta esan daiteke esparru horretan aitzindaria dela Bizkaia osoan". 

Duela urte batzuk, Liburutegiko arduradunek sumatu zuten herriaren historian bazeudela atal batzuk nahiko ezezagunak zirenak gazteentzat, eta komikiaren bitartez, modu atsegin eta entretenigarrian landu zitezkeenak, eta horrela sortu zen lehen komikia, Saturno Ermuan, 2022ko abenduan aurkeztu zena. Bertan herriko bi pertsonaia ezagunen bizitzen pasarte batzuk jaso zituzten: Frantzisko Izagirre "Patxiko" eta Alejandro Aranburu "Droget" ermuarrena, hain zuzen ere. 

Udal Liburutegiaren eskaera jaso zutenerako, Infamek eta Begoñak 2017tik zeramaten elkarrekin lan egiten, komikiarekin lotutako proiektu ezberdinetan. Eta urte batzuk geroago, 2021ean, Daniel Gojénola kolorista batu zen taldera, "Txakomic" proiektua abian jarri zenean, eta hirurek elkarrekin oratu zioten Ermutik zetorren lan proposamenari. 

Dokumentazioa

Lehengo pausoak herrian bertan eman zituzten, Liburutegiak bisita gidatu bat egin zielako Ermutik, historiaren eszenatoki ezberdinak ezagutarazteko, eta bi pertsonaien ingurugiroak ezagutzeko. "Ibilbide hori egin eta gero, Mikel konturatu zen bi Ermua daudela, eta horren isla jaso nahi izan zuen lehen komikian", dio Infamek. Bigarren komikirako, aldiz, Liburutegiak gertakari bat aukeratu zuen, duela bi mende baino gehiago jazo zena, eta egileek lan egiteko modua aldatu behar izan zuten. 

Berdin-berdin, historiaren atal bat idatzi ahal izateko, dokumentazio lan sakona egin behar izan zuten, baina bi komiki hauetan modu ezberdinean burutu da lan hura. "Lehenengo komikia 1920. urtean kokatzen da, eta ahozko testigantzak jasotzeko aukera izan nuen, ahotsak.com atarian —azaldu du gidoilaria eta historialaria den Mikel Begoñak—. Bigarrenak, aldiz, 1794. urteko sutea jasotzen du, eta idatzizko informazioan oinarritu behar izan naiz. Kasu honetan, ia guztia ezaguna izan arren, gaian sakonduz gero, erreferentzia interesgarri asko topatu daitezke, testuinguru historikoa oso berezia izan zelako".

Prozesuaz gozatu duten arren, denboraz estu ibili dira, lana burutzeko epea oso laburra izan delako (bi hilabete eskas), eta Liburutegiari aurkeztutako lehen bertsioa ez zelako haien gustukoa izan. "Berriro hasi behar izan genuen, eta beste modu batera planteatu. Bigarren saiaketa horretan testu gehiago jarri genuen, kronologikoki ordenatuta, testu-kaxetan oinarrituta... Komiki tradizionalagoa sortu dugu azkenean, baina gehiago gustatu zaie". 

Izan ere, orri gutxitan, herriko pasarte garrantzitsu bat jasotzen da, askorentzako ezezaguna dena: 1794an Frantziako tropak Ermuko kaleetan sartu ziren, eta burdinaz eta suz suntsitu zituzten hiriaren egitura gehienak. Aurtengo abuztuan, 230. urte beteko dira gertaera traumatiko horretaz, eta egindako dokumentazio lanari esker, gerran parte hartu zuten herritar batzuen izenak irakurri daitezke, hala nola hildako herritarren izenak ere.

Edukiak adostu eta gero, sinopsian jasotzen diren edukiak irudietara eramateko prozesua burutzen da, eta esparru horretan ere ezinbestekoa da dokumentazio-lan sakona egitea: arropak, kapelak, orrazkerak, armak, lanabesak, herriaren beraren itxura eta antolaketa, materialak... eta gidoilariaren, ilustratzailearen eta koloristaren artean elkarlan estua burutzen da: dokumentazio idatzia partekatu, irudiak, grabatuak, pelikulak... "Erronka handia izan da garaiko elementu guztiak jasotzea hanka sartu barik —esan dute—. Eta informazio dezente dagoenez, ahalegindu gara irudiei dinamismoa ematen kolorearen eta efektuen bitartez, komikia erakargarriagoa, arinagoa eta irakurterrazagoa egiteko".

Kolorearen pisua

Infamek eta Begoñak azaldu dutenez, kolorea bera lengoaia bat da, eta berebiziko garrantzia dauka irakurlea istorioan murgildu ahal izateko. Gojénolak, aldiz, garrantzia kentzen dio: "nik apaingarri bat jartzen diot marrazkilariak eta gidoilariak egindako lanari, besterik ez". Baina Kikek eta Mikelek ez dute berdin ikusten, eta Gojénolak proiektuan izan duen pisua handitzen joan da ale batetik bestera.

"Kolorearen esparruan, badago lan bat nahiko monotonoa dena, koloreen banaketa deritzona. Prozesu horretan kolore berdina eramango duten aldeak markatzen dira, eta koloreztatu gero. Lehenengo komikian, nik gidatu nuen Gojénolaren lana —azaldu du Kikek—, kolore ezberdinak gustatzen zaizkigulako: Nire koloreak oso planoak dira, testurarik gabekoak; Gojénolarenak, ordea, biziak dira, testura eta efektuekin. Bien arteko oreka topatu behar izan genuen". Bigarren komikian, ordea, Gojénolak hartu zuen kolorearen ardura osoa. Izan ere, lan honetan koloreak sekulako garrantzia dauka, gerra eta sutea irudikatzeko ezinbestekoa tresnak direlako, azaldu dutenez.

Bigarren komikia oraindik ere argitara eman ez den arren, hurrengo aleari begira daude egileak. "Gustatuko litzaiguke bilduma honek jarraipena izatea, baina badakigu Udal Liburutegiak ahalegin handia egiten duela berau finantzatzeko" onartu dute. Alde horretatik, komiki bakoitza planeta batekin lotu dute (Saturnoarekin lehena eta Marterekin bigarrena), eta besterik kaleratuz gero, hari horretatik jarraituko lukete, gertaerak edo pertsonaiak objektu astronomikoekin lotuz. 

Euskal komikia

Infame, Begoña eta Gojénola komikiaren munduan murgilduta daude bete-betean, eta honen berpizkundearen zati eta lekuko dira aldi berean. Azaldu dutenez, azken urteotan, euskal komikiaren egoera aldatu da, neurri batean Eusko Jaurlaritzak ematen dituen dirulaguntzei esker, eta baita egileek gero eta gertuagoko gaiei buruz hitz egiten dutelako, euren esanetan: "Euskal komikia esponentzialki hasi da: duela hamarkada bat 6 komiki argitaratzen ziren urte osoan, eta gaur egun ia 70 argitaratzen dira!". 

Komiki horiek gai anitzen ingurukoak izaten dira, eta aspaldidanik oso ohikoa da hiru istorio mota lantzea: fikziozko istorioak, ondo dokumentatutako egoeretan oinarritutako fikziozko istorioak eta fikzioa ez diren istorioak", azaldu du Begoñak. Hala ere, bide berriak urratzeari ekin diote komikigileek: Harriet Edicionesek, esaterako, manga komikiak argitaratzen ditu euskaraz, manga baita gaur egun gazteek irakurtzen dutena.

Azken urteotan ere, umeentzako mundu berria zabaldu dela azaldu dute: Astiberriren Iratxo Txikia eta Biga, Bang-en Super Patata... "Orain arte ez da existitu euskal komikiaren industria, eta gure erronka da sortu berri den industria hori egonkortzea. Gaur egun komikigile gutxi daude lan horretaz bizi daitezkeenak, eta daudenak oso modu prekarioan egiten dute lan", dio Begoñak.