Ermuko XXX. literatura lehiaketara aurkezteko azken aukera

Ander Gomez 2024ko api. 19a, 07:33

Kultur Sailak eta Udal Liburutegiak antolatutako Ermua Hiria lehiaketaren XXX. edizioa bi aste barru bukatuko da: Olerkiak eta narratibak maiatzaren 3a baino lehen entregatu beharko dira posta arruntaz, elektronikoz edo eskuz.

Abian da 2024ko Ermuko Hiria literatura lehiaketa eta 30 edizio betetzen ditu aurten.

Beti bezala, bi modalitate daude: narratiba eta olerkia. Narratibari dagokionez, "umorea" da aurtengo gaia eta lanak A4 tamainako 10 orrialde izango ditu gehienez; marjin, tipografia eta letra-tamaina estandarrekin. Olerkien gaia librea da, baina neurri aldetik 100 bertsotik behera izan beharko dute.

Modalitate horietako bakoitzean bi sari egongo dira, hizkuntzaren arabera: bata euskarazkoa, gazteleraz idatzitakoa bestea. Guztira lau irabazle egongo dira beraz eta guztiek diru-sari berbera jasoko dute, 500 euro bakoitzak.

Lanak bidaltzerakoan "anonimotasuna zaintzeko" eskatu dute

Bi dokumentu bidali beharko dira, obraren kopia alde batetik, egilearen datu pertsonalak bestetik: Izen-abizenak, NANa eta harremanetarako telefonoa gutun itxi batean sartuta, kanpotik obraren titulua eta egilearen ezizena besterik ez duelarik.

Materiala digitalki bidali daiteke biblioteca@udalermua.net helbidera edo formatu fisikoan liburutegira, postaz helarazita edo eskuz entregatuta.

Xehetasun gehiago eta parte hartzeko oinarriak irakurtzeko egin klik hemen.