Jose Vicente Ramos aktore ermuarra hil da

Estibalitz González 2024ko api. 26a, 19:11

Jose Vicente Ramos Martínez, lagun artean JV  bezala ezagunagoa zen antzerki aktorea, Salamankan hil berri da 59 urte zituela. Ermuko Antzerki tailerrean hasi zuen bere aktore ibilbidea eta eszenatokiaz betiko maitemindu zen hantxe. 

 Aukera bila Gasteizera lehenengo eta Madrilera joanda gero, antzerki klasiko generoan espezializatu zen, Konpainia Nazionaleko antzezle-zerrendan ezinbesteko aktore bihurtu arte.

Cristina Rotaren Arte Dramatikoko eskolan formatua, oparoa da parte hartu duen antzezlanen zerrenda: Ermuko Antzerki Tailerrarekin parte hartu zuen hainbat lanetan, esaterako “Háblame como la lluvia y déjame escuchar”, “Rescate en el país de los colores”, “Juicios sin Prejuicio” eta “Lysistrata”;  Teatro Gasteiz taldearekin “Guernika. Un grito”, “Pasionaria ¡No pasarán!” eta “Aquí no paga nadie”. Madrilgo eszenatoki desberdinetan taularatu zituen antzezlanen zerrenda ere amaiera bakoa da eta apur batzuk aipatze arren hor ditugu “Entre bobos anda el juego”, “El Caballero de Olmedo”, “Ricardo III”, “Don Juan en Alcalá” “Peribáñez y el comendador de Ocaña”, “Carmen”, “Hamlet”, ”La bella Aurora”, “Homenaje a Lorca “, “D. Juan Tenorio “, “El pintor de su deshonra”…
Aktorea izan nahi zuen; ez zuen etsi bere ametsa lortu arte.


Konpainiako kideekin Ermua Antzokiko kamerinoan.