Nahia Rojo aholkulari aritu da 'Zirrara' filmean

Estibalitz González 2024ko mai. 1a, 07:06

Jatorrizko argazkia: Argia.

Ane Cuestak, Zirrara izeneko film laburreko zuzendari gazteak, lanaren gidoia osatzeko, besteak beste, Guztiok elkarteko kidea den  Nahia Rojo sexologo ermuarraren laguntza izan du.

Neskatotxo batek bere gorputza ukitzean deskubritzen duen plazera eta jendaurrean libreki egitean sortarazten dituen erreakzioak islatzen ditu labur-labur zintak.

Ikus-entzunezko gradu amaierako proiektua zen Ane Cuestarentzat eta lanak izango zuen ildoa aurreikusi zuenean Guztiok elkartera jo zuen. Ume eta nerabeen sexologian aditua, Nahia Rojo psikologoa izan du tutore berari dagokion arloan eta laguntza eman dio filmak izango zuen argudioa, mezuak eta ikuspuntuak definitzen. Mezu baikorra transmititzea helburu, ikastetxeentzat eta familientzat zeozer baliagarria proiektatu nahi izan dute, umeengana erraz iristeko modukoa.

Ermuan proiektatu berri

Ermuko Zineman proiektatu berri da Zirrara eta Topaguneak euskarazko film laburrak plazaratuz suspertutako Laburbira zirkuitu ibiltariko zintetako bat da. Aurtengoa XXI. edizioa da,  8 film laburrekin Euskal Herriko hainbat eta hainbat herritan hilabetez, apirilaren 12tik maiatzaren 12ra ikusgai egongo dena.