Ermuko komertzioak, artelanen erakustoki

Ander Gomez 2024ko mai. 1a, 11:30

Itze Optikako erakusleihoa, zozketako 2. sariarekin. Argazkia: Montse González.

Mugarteak artez beteriko maiatza dakarkigu: Gaurdanik, kolektiboko kideen obrak ikusgai egongo dira EMOEren parte diren komertzioen erakusleihoetan; erakusketako hiru koadro zozketan jarriko dituzte; eta umeentzako pintura tailerra egingo dute igandean.

Maiatzaren 1etik 31ra, Mugartearen pintura erakusketa egongo da Ermuko komertzioen erakusleihoetan.

Obren egileak Mugartea kolektiboko kideak dira eta Ermuko Merkatari eta Ostalari Elkarte EMOEko hurrengo komertzioetan aurkitu ahal izango dituzte herritarrek: Amatxi, Anboto burdindegia, Artarrai, Beta Argiztapena, Irale Hortz Klinika, Eguren, Enter Informatika, Solozabal estankoa, Valle Iturgintza, Gauzak, Guipur, Horacio DG, Kokko, Maribel liburudenda, Mediterranea, Munay, Itze Optika, Malla ileapaindegia, Procolor, Ramos Moda, Sagardui eta Vrelec.

Errifak salgai

Erakusketako hiru koadro zozkatuko dituzte: Lehen saria izango dena estankoan dago, bigarrena Itze optikan eta hirugarrena Sagarduin. Tiketak 0,50 eurotan egongo dira salgai eta irabazlea jai garaian emango dute ezagutzera, uztailaren 25ean.


2019ko zozketaren irabazle izandako Mikel Yarza eta Toribio Morán. Argazkia: Udala.

Haurrentzako tailerra

Horrez gain, hilaren 5ean (igande honetan), umeei zuzendutako pintura tailerra eskainiko dute plazan. Parte hartzea doakoa da eta 11:00etatik 14:00etara izango da.