2021. urtean zendu zen Maria Rosario Arrizabalaga Urreta Mariarro eta, bere militantzia feministako kide eta lagunek adierazi zutenez, geroztik, "lehentasun" bihurtu zen bere memoria jasotzea eta zabaltzea. Maiatzaren 4an, "Mariarro, feminismoan bidaide eta zubigile. Memoria kolektiboa ehuntzen" liburuaren aurkezpena egin zen Lobianon.
Ermuko Emakumeen Asanbladak bultzatuta, Idoia Eizmendi eta Aitziber Aginagalde izan dira liburua idaztearen arduradun. Elebitan argitaratu dute, Danele Sarriugartek euskarara itzulita, eta portadaren artea Sonia García Fuentes ilustratzailearen obra da. Liburu honekin, Mariarrori omenaldia eta aitorpena egitea bilatu dute eta, horrez gain, bere figura eta justizia-sozialaren alde borrokatzeko zeukan jarrera nekaezina ikasgai eta etsenplu izatea datozen belaunaldientzat. Oraingoz 150 ale fisiko banatu dira, baina bertsio digitala jarriko dute laster ermuar guztien eskura.
Liburu aurkezpenaren osteko irudiak, Mariarroren omenez topa egiten.