Zozo familia Konbentukua kalean

Estibalitz González 2024ko mai. 7a, 11:02

Herri barruan eta kale artean ez du zozoak (Turdus merula) habia egiteko ohitura larregirik, baina bikote batek Konbentukua kalean egin du berea aurten ere. Aurreko asteetan ikusmira ikaragarria izan dute bertako dendari eta bizilagunak txorion haruntz-honantza dela, habia osatze lanak direla, kumak jaio eta bata habiatik jausi dela…

Aste Santu bueltan hasi zen zozo bikotea ingurua miatzen. Iaz eurok edo beste bikoteren batek egindako kabi txikia bertan zuten, baina esakerak dinoen bezala “Ezkonberri, etxe berri”, eurena osatu dute, kalearen beste aldean eta nabarmen handiagoa. Manuel Bautís, Andres Aranda eta Isa Plata dendari dira bertan eta interes handiz jarraitu dute arrak eta txori-emeak habia eraikitzen izandako lanak. 

Diotenez ehunka bidaia eginda lasto eta egur garraioan, arrautza ernaldu eta berotzeko atseden egunak ere etorri ziren, argi-indarraren kutxa baten hegaltxotik kaleari eta kaletarrei begira sarritan. Jaio ziren txikiak eta habia non zegoen erreparatuta, kaleko bizilagunak eta pasoan zihoazenak interesatuta burua altxatzen hasi ziren. Eta hasi ziren komentarioak ere ze txori mota zen asmatu guran: uroiloa, buztangorria… Zalantza guztiak kentzeko, goiz baten kumetako bat lurrera jausi zen: oraindik hegan egiten ez zekien zozo kume bat zen. Habira altxatu arren, familiak hurrengo egunean beste nonbaitera joateko erromesaldia hasi zuen, lehenengo kume bat, gero beste bat… Txikion hegaldiak eskalak izan zituen pertsiana baten, pegora baten eta Kaltxangoko parkean. Datorren udaberrian itzuliko diren esperantza dute Konbentukuan!