Hodei Rivas, gimnasia maskulinoan bidea eginez

Dorleta Vidal 2024ko mai. 9a, 07:00

Apirilaren 9tik 14ra Gimnasiako Espainiako Txapelketa Basea burutu zen Castellón, eta Hodei Rivas ermuarrak urrezko domina eskuratu zuen infantilen kategorian. Duela bi urte eta erdi batu zen Zaldibarko Olazarmendi Klubera, eta entrenatzaileek berehala antzeman zioten gimnasiarako gaitasun berezia zuela. Ordutik hainbat sari eskuratu ditu: Bizkaiko txapelduna, Euskadiko txapelduna eta azkena, Espainiako Txapelduna.

Argazkiak: Olazarmendi Kirol Kluba.

Entrenatzen hasi zenean, Hodeik ez zuen lehiatu nahi, jendaurrean aritzeak urduri jartzen zuelako. Hilabete gutxiren bueltan, ordea, lotsa galdu, eta tapizera salto egiten animatu zen, emaitza bikainak lortuz. Lehen denboraldi hartan, hasiberria izan arren, Bizkaiko txapeldunordea izan zen esku hutseko ariketan eta pilotarekin.

Ordutik, gimnasiak dituen aparatu ezberdinetan trebatu da (pilota, uztaia, soka, mazoak eta zinta), Federazioak urte bakoitzerako agintzen duenari jarraituz, eta datorren urtean zintarekin jarduteko prestatzen ari da. "Orain arte probatu ditudan aparatuen artean mazoak dira nire gustukoenak. Oso ondo moldatzen naiz, eta ematen du eskuetan imana daukadala... nik neuk ere ezin dut ulertu!", dio Hodeik. Aldi berean aitortzen du bere indarguneak indarra eta oreka direla, eta oso ondo biratzen dela. Bestalde, saltoak perfekzionatu beharko lituzke eta hainbeste miresten duen Eneko Lambea gimnastak bezala egin nahiko lituzke butterflyak.

Hobetzeko bide horretan, lau egun entrenatzen du astean (9 ordu), eta horrez gain, etxean praktikatzen du eta YouTubeko bideoak ikusten ditu. "Egun guztia dabil saltoka —diote Vanesa García eta Raul Rivas gurasoek—. Entrenamendutik bueltatu eta saltoka jarraitzen du etxean, egunero. Egongela da lekurik zabalena eta bere gustukoena, eta lanpara pare bat aldatu behar izan ditugu, istripu txikiak izan ditugulako, kar-kar!".

Gimnasiari denbora asko eskaintzen dion arren, ume arduratsua da eta egunean daramatza ikasketak ere. Izan ere, gurasoen ustetan, gimnasiak ematen dion diziplinari esker, askoz hobeto antolatzen ditu gauzak gainontzeko esparruetan ere: denborak neurtzen daki, koadernoak garbi eta ordenatuak ditu... "Aurten iaz baino ordu gehiago eskaintzen dizkio gimnasiari, eta aldi berean emaitza hobeak lortzen ari da eskolan ere", diote Rivasek eta Garciak.

 

Mutilen gimnasia sustatu

Hodei Rivasekin batera, bide berriak urratzen ari dira gimnasia erritmikoan Espainian. Hala, nesken esparru izatetik, neska eta mutilen kirola izateko pausua ematen ari baita, eta Castellóko txapelketan, mutilentzako kategoria egon da lehen aldiz (orain arte neskek bakarrik parte hartu zezaketen): "Mutilen gimnasia erritmikoak borrokan dihardu, nazioarteko txapelketetan parte hartu ahal izateko, eta hemen mutilen gimnasia erritmikoa sustatzen ari da. Beste herrialde batzuetan, aldiz, ez dute horrela jokatzen, beraz, Espainiatik kanpo lehiatzea ezinezkoa da. Ez dago Europako Txapelketarik, ez Olinpiadetan parte hartzeko aukerarik", damutzen dira gurasoak.

Nolanahi ere, bide onetik doa ermuarra. Denboraldi honetan Bizkaiko, Euskadiko eta Espainiako txapelketak irabazi ditu bere kategorian, eta beste torneo txikiagoetan ere lehen postuan geratu da. Eta zein da sekretua?: "Ez naiz irteten irabaztera, baizik eta ondo pasatzera. Berdin zait zein postutan geratzen naizen, ez dut presio berezirik sentitzen". Etorkizunera begira, gaztetxo honek gimnasiaz gozatzen jarraitu nahi du eta, aukera izanez gero, nazioarteko txapelketetan parte hartzea gustatuko litzaioke, "kirol honek ez daukalako generorik eta barrerak apurtu behar direlako", esan du.