Ekainaren 8an, ohi baino bisitari gehiago egongo dira Urko mendiaren tontorrean, Javi Alberdi mendizale ermuarraren omenez egingo den ekitaldiaren eraginez. Izan ere, 7:00etan hasi eta 19:00ak bitartean, nahi beste bider igo ahal izango da Urko mendira, ibilaldi bakoitzean 2 euroko gutxieneko ekarpena egin eta gero. Igoerak orduero abiatuko dira, eta taldean edo bakarka egin ahal izango dira.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, jasotako diru guztia bideratuko da Ermuko mutiko batek pairatzen duen SLC6A1 geneari lotutako Entzefalopatia epileptikoa gaixotasunaren ikerketara. Eta egunean zehar, gainera, hainbat ekintza burutuko dira:
10:00etan, mugikortasun urriko hainbat lagun igoko dituzte Urkora.
10:30ean, Javi Alberdiri omenaldia egingo zaio, bere omenez zuhaitz bat landatu zen lekuan.
14:00etan, harrera egingo zaie mugikortasun urriko lagunei Urkotik bueltan.
18:30ean, Urko puntan jarriko den postontzi berezia jasoko da.
19:00etan, Txindurri taldeak dantza egingo du Alberdiren oroimenez eta sari ezberdinak zozketatuko dira parte-hartzaile guztien artean.
Ekintza honetan lagundu nahi izanez gero (ekonomikoki zein zozketatzeko produktuak eskaintzeko), hirutxikiak@gmail.com helbidera idatzi beharko da.