Maiatzaren 14an, 15ean eta 16an, adimen artifizialarekin funtzionatzen duten sorkuntza-tresnak ezagutzeko ikastaroak egingo dira Izarra Zentroan.
Mondragon Unibertsitateko Sonia Perez Gajate irakasleak emango ditu eta gai desberdin bat jorratuko du egunero. Lehenengo saioak adimen artifizialaren oinarriak finkatzea izango du helburu (testuingurua, zer den, zenbat mota dauden, nola funtzionatzen duten...); ondoren, ariketa praktikoak egingo dituzte Google-en Gemini aplikazioarekin eta ChatGPT famatuarekin, besteak beste. Hurrengo bi saioak espezifikoak izango dira: bata irudietan zentratua, musikan bestea. Adimen artifizialarekin irudiak sortzeko, Dall-E, Midjourney eta Picasso aplikazioak landuko dira; musika sortzeko, Aiva, Rifusion, Mubert eta Google-en Magenta.
Bakarrean, bitan edo denetan
Ikastaro guztiak goizeko 9:00etatik 13:00etara izango dira (12 ordu guztira), baina aukera dago bakarrean, bitan edo hiruretan izena emateko. Hasiera batean gazteentzako eta enpresa-ekintzaileentzako planteatu zen arren, edozein apuntatu daiteke: ikasle, langile edo langabetu; gazte zein nagusi. Parte hartzea doakoa izango da, baina beharrezkoa da hurrengo formularioa betetzea: Adimen Artifizial Sortzailearen tailerra [Izen-ematea].