Hamahiru urterekin gerturatu zen flamenkoaren mundura, eta ordutik ez du burutik (eta hanketatik) kendu. Eva Rivera (Ermua, 1976) hamabost urterekin hasi zen sevillanako klaseak ematen eta gaur egun, horrez gain, flamenkoa, Extremadurako jotak, kriskitinak eta Fit Gipsy Dance modalitatea (fitnessa eta flamenkoa nahasten dituen diziplina) irakasten ditu Eibarren eta Ermuan.
Zer dela-eta hasi zinen dantzaren munduan?
Hamahiru urte nituenean, nire gurasoen herrian pasatu genuen uda, Extremaduran, eta sevillana saioa ikusi genuen: liluratuta geratu nintzen! Dantzak soinekoak... Hala, udatik bueltan, Eibarko eskola batean hasi nintzen ikasten. Hamabost urterekin ni hasi nintzen beste batzuei eskolak ematen Ermuan, eta ikasle asko nituen.
Flamenkotik bizi izan zara inoiz?
Ez, klaseak emateko zeregin hori beste lan batzuekin uztartu izan dut beti. Duela urte batzuk dantza eskola bat sortzekotan ibili nintzen, baina oso zaila da.
Gaur egun, zertan ematen duzu denbora?
Nire lanaz gain, sevillanak eta flamenkoa erakusten dut eskola ezberdinetan. Gainera, jotako klaseak ematen ditut Extremadurako Zentroan. Onartu behar dut hasieran jotak ez zitzaizkidala asko gustatzen, gurasoengatik hasi nintzen, baina azkenean gustu hartu nien. Horrez gain, Fit Gipsy Flamenkoko klaseak ematen ditut herriko gimnasio batean. Duela gutxi deskubritu nuen diziplina hau eta asko gustatu zitzaidan, beraz, Madrilera joan nintzen formatzera. Aerobik estiloko klasea da, baina musika flamenkoarekin, eta denetik egiten dugu: beroketa, kardio ariketak, tonifikazioa, luzaketak... oso dibertigarria da.
Eibarren ere bazabiltza, ezta?
Bai, 20 urte inguru daramatzat bertan bizitzen, eta azken 6-7 urteotan flamenkoa eta sevillanak ematen ditut dantza eskola batean. Aurten, gainera, kriskitinak jotzen ikasteko klaseak ematen hasi naiz, eta jende dezentek eman du izena: gehienek sevillanak dantzatzen dakite, eta kriskitinak erantsi nahi dizkiete dantzei.
Zein da zure ikasleen perfila?
Emakume helduak, gehien bat. Gazteenek 30 urte inguru izango dituzte eta erretiratutako lagunak ere badaude, baina 50 urte ingurukoak dira gehienak. Adin horrekin hasten dira, aurretik ezer jakin barik, zertxobait ikasteko asmoarekin, baina gero animatu egiten dira, eta eszenatokira igotzen dira herrian egiten diren ekitaldi ezberdinetan. Fit Gipsyan ere antzera. Energia handia dute!
Sevillanak, flamenkoa, jotak, fitnessa… Esparru zabal horretan, non mugitzen zara zu gusturago?
Sevillanetan, horretan hasi nintzen-eta. Flamenkoari dagokionez, hainbat ikastaro egin ditut Andaluzian, baina oinarrizko klaseak ematen ditut. Izan ere, flamenkoak adar asko ditu: buleriak, tangoak, alegriak... eta horietako bakoitza ezberdin dantzatzen da. Musika eta konpasak, arropa eta aurpegiaren espresioa bera ere ezberdinak dira.
Norekin formatu zara?
Dantzari eta leku askotan ikasi dut: Donostian, Karmele Ceperorekin; Bilbon; Sevillan, izen handia duen Juana Amayarekin; Ermuan, Lidia de Lorenzorekin... Lidiarekin hainbat urte eman nituen, eta garai hartan berak Eibarko eskola batean ere ematen zituen klaseak. Berak utzi zuenean, nik ordezkatu nuen eskola horretan. Gainera, onlineko ordainpeko ikastaroak egin izan ditut ere.
Flamenkoa dantzatzea garestia da?
Bai, flamenkoa oso garestia da orokorrean: soinekoak, mantoiak, klaseak berak... Kontuan izan lehen aipatu ditugun palo horietako bakoitzerako soineko bat behar dela, eta urtetik urtera modak aldatu egin dira (estanpatuak, gerri altuagoa, baxuagoa, bolante gehiago, gutxiago...). Zorionez, gaur egun denetik dago, eta soineko merketxoak eros daitezke, baina erdi-mailako soineko batek 400 edo 500 euro inguru balio dezake; entseatzeko gonak batek, 80 euro inguru; zapatek, 100 eurotik gora!
Zer diozu zapatez...
Mila formatako zapatak daude: lokarriekin, hebillekin, takoi ezberdinekin... baina dantza guztietarako berdinak erabili daitezke. Kontuan izan behar den gauza bakarra da flamenkoko zapatek iltzeak daramatzatela zapateatu ahal izateko, eta sevillanakoek ez.
Garrantzitsua da zapata egokia aukeratzea?
Bai, batzuk 30-40 euroko zapatak erosten dituzte, baina bi hilabetetan oinak birrinduta dituzte.
Zein pisu dauka elementu bakoitzak?
Nire ustez zapata onak aukeratzea oso garrantzitsua da, baina bistara, soinekoa da deigarriagoa.
Zer nolako garrantzia du aurpegiaren espresioak?
Garrantzitsua da, paloaren arabera dantza alaia edo sakona delako, eta aurpegiaren keinua bat etorri behar da horrekin.
Nor miresten duzu?
Beatriz Morales, zalantza barik! Aipatuko nituzke ere Joaquín Cortés, aparta delako, eta ez hain ezagunak diren Lucía Benavides eta Claudia La Debla. Nire irakaslea izan zen Granadako neska bat ere aipatuko nuke, bereziki ona iruditu zitzaidan.
Euskal Herrian maila altua dago flamenkoan?
Badaude baten batzuk oso maila altua dutenak: 'La Pulga" gasteiztarra, esate baterako. Sasoi batean bere klaseetara joan nintzen.
Inoiz pentsatu duzu Euskal Herritik kanpora irtetea, bide honetan aurrera egin ahal izateko?
Dagoeneko berandu da, agian gazteagoa nintzenean...Askotan esan diet gurasoei txikitan eskolaren batera eraman behar nindutela, ez eskolaz kanpoko ekintza bezala, baizik eta zerbait trinkoagoa, baina... Nik oso argi neukan, baina horretan lan egin ahal izateko Madrilera edo Andaluziara joan beharko nintzateke.
Zenbat leku ezberdinetan aritu zara dantzan?
Inguruko herri askotan egon naiz, baita Iruñan, Madrilen eta Extremaduran ere. Telebistan ere pare bat bider egon naiz, ETBn eta baita TVE1ean, 1992an, María Teresa Camposek aurkezten zuen koplako saio batean. Gehienetan nire taldearekin batera mugitzen naiz.
Nahiago duzu bakarka edo taldean dantzatzea?
Ez dakit. Biak, egoera ezberdinak dira. Taldean dantza egiten ohituta nago, eta inguruan jendea izatea gustatzen zait, elkarrekin gozatzea eta irakastea. Dena den, bi urte eman ditut Eibarko Coliseoan bakarka dantza egiten, eta onartu behar dut bakarka askeago egiten dudala dantza, ni neu izan naiteke.
Nahiago duzu publikoa flamenkoan aditua izatea, edo ezagutzarik ez izatea?
Zerbait badakite, hobeto, baina berdin zait. Jakin edo ez, goza dezatela da helburua.
Zu joaten zara zuzeneko emanaldiak ikustera?
Bai, eta neskak ikustea gustatzen zait batez ere.
Zeintzuk dira egin dituzun azken ekitaldiak eta burutuko dituzun hurrengoak?
Martxoko lehen asteburuan Ermua Antzokian egin genuen dantza, Andaluziako Eguna dela-eta. Apirilean ere hainbat ekitaldi egin ditugu, eta maiatzean Letra Galegoetan, El Rocioko erromerian eta hainbat ezkontzetan egingo dugu dantza. Gainera, Jerezko Feriara joango gara eskolako 22 lagun, hirugarren urtez jarraian. Egiten ditudan gauzak eta bidaien argazkiak Facebookeko Eva Eva kontuan ikus daitezke.
Nola ikusten duzu zure burua etorkizunean?
Daukadanarekin pozik nago eta horrela jarraitu nahiko nuke: klaseak ematen, beste batzuei erakusten eta dantza egiten.
Eskolan ordu asko ematen dituzu, baina etxean ere praktikatzen duzu?
Saiatzen naiz etxean gutxitan praktikatzen, egia esan, zarata handia egiten delako! Dantzatzekotan eskuoihal bat jartzen dut lurrean, edo galtzerdiak janzten ditut zapaten gainetik, baina hala ere...!