Maiatzaren 12an (igandean) eskubaloiko Erreginaren Kopa jokatu zen Donostin eta Super Amara Bera Berak garaipena lortu zuen etxean, CD Balonmano Aula talde valladolidtarraren aurka.
Imanol Alvarez Arruti (Ermua, 1967) "harro" agertu da taldearekin alde batetik, "momentu zailak" pasa ostean egin duten "lan bikainagatik"; eta "pozik" bestetik: "irabaztearren, garaipena etxean izatearren eta harmailetan hainbeste jende ikustearren emakumezkoen eskubaloia jarraitzen". 4000 ikusletik gora izan ziren Illunben —Erreginaren Koparen asistentzia errekorra— eta "aurrerapauso handi" bezala kalifikatu du Alvarezek.
Anne Erauskinek (Ermua, 1998), donostiar zaleez gain, gerturatutako ermuarrengan jarri du fokua: "oso eskertuta" dago partidu egunean haiengandik jasotako "babes eta kariño guztiagatik" eta "munduko herri onenean" jaio dela esan du sareetan zabaldutako mezuan. Horrekin batera, Errotabarrin izandako hastapenak ekarri ditu gogora: "Harro klub honetan hazi izanaz, beti bihotzean".
Jarraian, Super Amara Bera Berak 2024ko kopa altxatu zueneko irudiak:
Iturria: Bera Bera.