Komertzioen paisaia linguistikoa euskalduntzeko dirulaguntzak aurkeztu ditu Udalak

Ander Gomez 2024ko mai. 23a, 15:30

Establezimenduen kanpoko errotuluak, barneko marka pertsonala edota sarean duten presentzia euskalduntzen duten komertzioek dirulaguntzak jaso ahalko dituzte. Eskaerak azaroaren 29a baino lehen egin beharko dira, Udalaren webguneko egoitza elektronikoan.

Euskara Sailak aurkeztu du proposamena eta merkataritza, ostalaritza eta bestelako zerbitzuak eskaintzen dituzten establezimenduetan euskararen presentzia sustatzea du helburu.

Laguntza ekonomikoa establezimendu kanpoko errotuluetan, barneko euskarrien irudi korporatiboan eta webgunean egindako euskaratzeei aplikatuko zaie. Euskara soilean dauden testuek %50eko dirulaguntza izango dute; elebitan jartzen direnek, aldiz, %30ekoa. Jarraian, komertzio bakoitzak gehienez jaso ahalko duen laguntza, euskarriaren arabera:

 

EUSKARAZ + GAZTELANIAZ

EUSKARAZ

%

%

KANPOKO ERROTULAZIOA

30

<180€

50

<360€

IRUDI KORPORATIBOA

<150€

<220€

WEBGUNEA

<300€

<450€

Udalak onartutako aurrekontu totala 4.000 eurokoa da.

Bete beharreko baldintzak

Ermuko udalerrian kokatutako enpresa txikiak bakarrik izango dira onuradun: 50 langiletik gorako enpresak edo entitate handiak kanpo geratuko dira; baita euskararen normalizaziora zuzendutakoak (euskara elkarteak, euskaltegiak, ikastetxeak, entitate publikoak) eta talde politikoak (alderdiak, sindikatuak) ere.

Testuari dagokienez:

  • Egonkorra izan behar du, ez da behin behineko euskarririk onartuko.
  • Ezingo da izen propio, toponimo, akronimo edo abizen soila izan.
  • Elebitan, euskararen presentzia gaztelaniaren parekoa izan behar du, gutxienez.
  • Testuak zutabeka daudenean, euskara ezkerrekoan jarriko da.
  • Lerro berean daudenean, euskaraz hasiko dira.
  • Testua bi lerrotan dagoenean, lehenengoa euskaraz eta bigarrena gaztelaniaz.
  • Bi orritan bereiztean, eskuineko orria euskaraz eta ezkerrekoa gaztelaniaz.
  • Akats gramatikalik edo ortografikorik gabeko errotuluak onartuko dira bakarrik.

Azken puntuarekin laguntza behar dutenek, Udalak eskaintzen duen doako itzulpen eta aholkularitza zerbitzuaz baliatu ahalko dira. Euskara Zerbitzuarekin harremanetan jartzeko, deitu 943 17 91 47 telefonora edo idatzi euskara@udalermua.net helbidera.

Tramitea Udalaren webgunean egin behar da, egoitza elektronikoan, azaroaren 29a baino lehen.