Batzar irekia Ermuan Bagara eta Euskaraldia lantzeko

Drogetenitturri 2024ko eka. 3a, 11:18

Ermuan Bagararen 2024ko ekitaldia, plazan. Argazkia: Emilio Carral.

Ermuko euskaltzaleei gonbitea luzatu die Euskal Birusa Elkarteak: Asteazkenean batuko dira Lobiano Kulturgunean, 19:00etan, 2025ko ekintzen inguruan informatzeko, prestakuntzaren bide-orria egiteko eta proposamen berriak entzuteko.

Datorren urtean Ermuan Bagara egitasmoaren bosgarren edizioa burutuko da Ermuan, eta aldi berean Euskaraldiaren laugarren edizioa egingo da Euskal Herri osoan, maiatzaren 15etik 25era bitartean.

"Urrun dagoela ematen duen arren, lanean hasi behar gara", adierazi dute Euskal Birusa Elkarte Kulturaleko arduradunek. Hori dela-eta, Euskaltzaleen Sareko kideak biltzeko deialdia egin du Euskal Birusak: ekainaren 5ean, asteazkena, 19:00etan, Lobianoko ikus-entzunezkoen gelan. Bertan, Topaguneko Euskaraldiko koordinatzailea izango da, datorren urteko Euskaraldiaren gaineko informazioa zabaltzeko, eta horrez gain, Ermuan Bagara antolatzeko urratsak zehaztuko dira: aurrekontuak eta dirulaguntzak aztertu, egingo diren ekintzak pentsatu...

Bilera irekia da, eta nahi duten herritar guztiek parte hartu ahal izango dute.