Zuzeneko saioa egin zuen SER irratiak Lobianon, Ermuko inmigrazioa mintzagai

Ander Gomez 2024ko eka. 6a, 07:20

Atzo eguerdian, “Hoy por hoy” irratsaioa emititu zen Lobianotik eta Ermuko Inmigrazio Sailak aurkeztutako bi proiekturen bueltan jardun zuten: 50-70 hamarkadetako migrazioek ekarritako onurak nabarmentzen dituen liburua eta inmigrazioaren inguruan Ermuan grabatutako filma.

Bihar (ekainak 7), bi lanen aurkezpen irekia egingo da Lobianon, 18:30etik aurrera.

Atzo, ekainaren 5ean, Eibarko SER Irratiko lantaldea Ermura gerturatu zen eta Lobianotik emititu zuen zuzenean. Migrazioa mintzagai, Barne-migrazioak eta horiek Ermuari egin zioten ekarpenak (1950-1975) liburuaren egileetako bi eta Udaleko Inmigrazio Saileko teknikari Ane Enzunza elkarrizketatu zituzten.

Juanma Cano irrati esatariak "saio honetako kontakizunak interes bereziarekin” entzungo zituela esanez ekin zion saioari, “gai hau gertukoa” baitu: Gurasoak historia horren parte dira, Granadatik Ermura migratu zuten eta Ongarain jaio zen bera.

Liburuaren bi idazleak jaso zituen lehenengo: Imanol Zubero, Politika Zientzietan eta Soziologian doktorea eta irakasle titularra EHUn; eta Amaia Izaola, Soziologian doktorea eta EHUko irakasle eta ikertzailea. “Ermuan gertatutakoa munduan toki gutxitan gertatu da, inoiz gertatu bada: Biztanleria 1.000tik 15.000ra igo zen bapatean”, azaldu zuten, eta “hainbat sektorek populazioaren biderkatze horrek 'sekulako bizikidetza krisia' sortuko zuela iragarri bazuten ere”, kontrara, “arrakasta hutsa” izan zela baieztatzen dute: Bertakoen harrera, oro har, “oso ona” izan zela nabarmendu zuten eta etorkinek “etorkizuneko posibilitate eta proiektu guztiak garatzeko eskulana” eman ziotela bueltan “lan asko baina biztanle gutxi zituen Euskal Herriari”. "Horrela, guztiek batera elkarlanean eraiki zuten gaur egun ezagutzen dugun Ermua".


Amaia Izaola, Juanma Cano eta Imanol Zubero.

Prozesuko lan pisutsuenetakoa Ermuko protagonisten testigantzak jasotzea izan da eta horretan jardun du Izaolak batez ere. “Polita eta hunkigarria” izan dela azaldu zuen eta narrazio horien balioa azpimarratu zuen: “Halakorik egon ezean, ahots horiek guztiak galduko lirateke eta, haiekin, nola iritsi garen gaur garena izatera”. Lanaren garrantziaren inguruan, Zuberok gaineratu zuen “gaur egun bereziki” presente izan behar dugula “Ermuaren migrazio eta elkarbizitza kasu arrakastatsua”, migrazioek “jarraituko dutelako, orain eta beti”. Baina argi utzi nahi izan zuen migrazioak “beti onerako” izan direla azkenean eta, prozesuan, “erreakzionatu” baino, “egokitzea” lortu behar dugula: “erdibideko egokitze bat, bai bertakoena, bai datozenena”.


Bertaratutakoek liburua jaso zuten opari.

Ane Enzunza inmigrazio-teknikaria ere bertan izan zen, proiektuaren jatorria azaltzen: “Azkenaldian zabaltzen ari diren beldur-diskurtsoak eta ideia xenofoboak uxatu nahietik sortzen da”. Horrelako gaiei heldu eta erreferenteak bilatzerakoan, sarritan, "kanpora" jotzen dugula baina, gure kasuan, "hemen lortutako elkarbizitza arrakastatsua nola eman zen" aztertu dezakegula dio, "elementu klabeak ateraz eta gaurkora aplikatuz”. Proiektuaren faseei dagokienez, lehenengoan "herriaren historia soziala berreskuratzea” bilatzen zutela azaldu zuen; hortik liburua. Bigarrenean, "orduko migrazioak egungoekin alderatzea zen helburua, batez ere gazteei zuzenduta, eta horregatik erabaki zen ikus-entzunezko formatuan lantzea". Emaitza: Esperanza, migrazioen inguruko fikziozkio filma, Ermuan grabatua.

Atzo irratsaioa, bihar topaketa 

Bihar, ostirala, migrazioari buruzko esperientziak gogoratu eta partekatzeko topaketa antolatu dute. Bertan izango dira Barne-migrazioak eta horiek Ermuari egin zioten ekarpenak (1950-1975) liburuaren egilekide Imanol Zubero, Amaia Izaola eta Ander Delgado; eta Esperanza filmaren zuzendari Oskar Tejedor. 

Solasaldiaz gain, filmaren proiekzioa egingo da eta, bukatzeko, dantza eta musika ikuskizuna egongo da Lidia Pousa flamenko dantzariarekin, Txanprax eta Txiru txalapartariekin, eta Cheikh Lô perkusionistarekin.