Ekainaren 16an, igandean, Mugartea kolektiboaren Pintura Lehiaketa egingo da Ermuan. Teknika librea izango da, baina herriguneko paisaia urbanoa irudikatu beharko dute margolariek, eta Ermuko toki bereizgarrienetan —zein bitxienetan— aurkituko ahalko dituzte ermuar goiztiarrenek.
Kategoria orokorrean 1000, 600 eta 300 euroko sariak egongo dira (accesita 150€). Tokiko artistek, sari nagusietako bat eskuratu ezean, 250 eta 150 euro jaso ahalko dituzte (accesita 100€); eta parte hartzen duten haurrek margotzeko materialez osatutako 8 kit irabazteko aukera izango dute.
Programatutako ordutegia
Izen-ematea eta euskarrien zigilatzea egunean bertan egingo da, 9:00etatik 11:00etara bitartean, Lobianon. Lanak toki berean entregatu beharko dira, 14:00ak baino lehen, eta 14:30ean partaideen bazkaria egingo da, Mugartearen eskutik. 17:00etan, epaimahiak ezagutzera emango ditu obra irabazleak eta sari-banaketari ekingo diote.