Conchita Bustindui Garate, Sekretarixuanekua ermuarren ezagupenez, Eibarren hasi zen erraketa jokoan trebatzen. Conchita izenarekin kantxaratuta, lau urte egin zituen Bartzelonan eta zazpi Mexikon, bertan amaituz bere kirol-ibilbidea. Fermin Mugerza zestalari markina-xemeindarrarekin ezkondu zen eta Mexikokoak bukatuta senarraren jaioterrira itzuli ziren bizi izatera.
Markina-Xemeingo udalak erraldoi berri bi egin nahi zituen, jada kalerik kale zebiltzanen lagun izateko: Peru (Peru Abarka baserritarra irudikatzen duena), Elorrio (Victor Bereikua zestalaria gogora ekartzen duena), Bixenta (Bixenta Mogel idazlearen omenezkoa) eta Kokote txikia. Beraietako bat emakumea izatea gura zen, aukeran bizirik zegoena eta Conchita Bustindui erraketista hautatu zuten aho batez. Lau metroko luzeran berrogei kilo hartzen duen pilotariz jantzitako erraldoi irribarretsu honek, gaztetako Conchitaren aurpegia fideltasun osoz irudikatzen du sasoi hartan ezagutu zutenen esanetan. Inauterietan aurkeztu zioten berari eta haren etxepera gerturatuta, aurresku hunkigarria dantzatu zion Conchitak Conchitari.
Mikel Ibarzabal artista bergararra izan zen erraldoiaren egilea eta baita, herriko dantza taldea omenduz, seikotea osatzera etorri zen Zerutxu txikiarena.
Conchita erraldoia aurreskua dantzatzen Conchita Bustindui erraketistari.
Markina-Xemeingo Erraldoiak Elkartea da herriak dituen sei handikoteez arduratzen den taldea, musikari jarraituz koreografia txikiak dantzarazten dizkiena. Karmengo jaiak laster datozela-eta entseguetan topatu ditugu Uhagon ondoan duten lokalaren aurreko aldean, erraldoien tripa barrura sartuta seikoteari dantza dotoreak eraginez eta ikusmira itzela sortuz nagusi zein batez ere txikienen artean. Jai giro eta alaitasunarekin lotuta, Conchita Bustinduik eta bere festa lagunek zalantza barik ohorezko lekua izango dute beti herritarren gogoan.
Markina-Xemeingo erraldoien entsegua.
Markina-Xemeingo Erraldoiak taldeko partaideak.
Conchita omendua erraldoiaren ondoan, Mari Eli Ituarte eta Mikel Urkia udal ordezkariekin.
Senidez inguratuta.
Bekobenta Herri Eskolako ikasle batek egindako marrazkia.
Irudiak: Mari Eli Ituarte, Mikel Urkia, Estibalitz González, Bekobenta Herri Eskola eta Markina-Xemeingo Udala.