Ekainaren 16an burutu zen Mugartea kolektiboaren XXX. Pintura Lehiaketa Ermuan.
Lanak entregatzeko epea 14:00etan amaitzen zen eta epaimahaiak 17:00etan eman behar zituen ezagutzera irabazleak. Iaz baino obra gutxiago egon arren, artelan bikainak egin zituzten ermuarrek zein kanpotik etorritako margolariek, eta epaileek zaila izan zuten erabakia hartzea. Hantxe izan ziren margolariak, lagunak, familia eta pintura zaleak, Lobiano kanpoan, urduri, erakusketa gelako ateak ireki eta erabakia entzun zain.
Sari-banaketa
Sari nagusia Ugaotik etorritako Iker Mugarrak eraman zuen (1000€), Ispasterreko Eneko Arruzak bigarrena (600€), Bilboko Juan Carlos Langek hirugarrena (300€) eta Esteban Oroz eibartarrak accesita (150€). Herriko margolarien sarituak Unai Blanco (250€), Fernando García (150€) eta Lorenzo Guinaldo (100€) izan ziren. Haurrei dagokienez, 8 sari aurreikusita zeuden, baina hamaika bakarrik aurkeztu zirenez eta hamarrek bakarrik lana entregatu, guztiei sari bat ematea erabaki zuten Mugarteako kideek azkenean.
Obren erakusketa
Sari-banaketaren ostean, koadro guztiak ikusteko aukera egon zen, baina egunean bertan kendu ziren: Saritu gabeko obren egileek etxera eraman zituzten koadroak eta irabazleenak Mugarteak gorde ditu, aurten egin bezala, hurrengo errifen zozketarako.
Hala ere, gerturatu ezin izan zirenek, lehiaketako obra guztiak ikusteko aukera dute hurrengo argazki bilduman:
Talde argazkia
Sari-banaketaren eta erakusketaren ostean, talde-argazkia atera zuten Mugarteko kideek, Udaleko ordezkariek eta lehiaketako partaide guztiek batera: