Datozen urteetan Ermuan euskara sustatzen laguntzeko galdetegia

Ander Gomez 2024ko eka. 19a, 07:22

"Aroa, euskara indarberritzeko eta euskaldunok ahalduntzeko marko estrategikoa" onartu du Eusko Jaurlaritzak aurten eta, berau oinarri hartuta, Euskara Sustatzeko Ekintza Plana prestatzen dihardu Ermuko Udalak. Aldi berean, eragile guztien iritzia jaso nahi du eta galdetegi irekia zabaldu du, edozein herritarrek bete dezan.

Euskara Sustatzeko Ekintza Plana hamar urtean egon da indarrean EAEn (2012-2022) eta aurtengo urtarrilean onartu du Jaurlaritzak datozen hamar urteetarako plana, Aroa. Marko estrategiko berri honek bost jomuga zehazten ditu:

  • Euskara ikasteko erraztasunak handitzea.
  • Eskolaz kanpoko ekosistema euskaldunagoa lortzea.
  • Ingurune digitalean euskarak leku gehiago izatea.
  • Euskaraz lan egiteko aukerak ugaritzea.
  • Euskarazko edukiak sortu eta kontsumitzeko aukerak ugaritzea.

Hortik abiatuta, udalerrirako estrategia berria lantzen hasi da Ermuko Udala eta, garatze prozesu horretan, herritarrek ere parte hartu dezaten gura du.

Galdetegi laburra

Horretarako, bi minutuan betetzeko moduko inkesta jarri dute herritarren eskura. Adina, generoa eta euskara maila dira eman beharreko datu pertsonal bakarrak. Ondoren, udalerriko euskararen erabileraren inguruko balorazioa eskatzen da: gora edo behera egin duen, zeintzuk diren indarguneak eta ahulguneak, eta zein arlotan eragin beharko litzatekeen: jarreran, komunitatean, transmisioan, irakaskuntzan, integrazioan, hizkuntza ohituretan, erreferenteetan edota zerbitzuen alorrean. Bukaeran, bakoitzaren esperientziak, kezkak eta bestelako ikuspuntuak gehitzeko tartea dago ere.

Herritar guztiek bete dezakete inkesta, lotura honetan, uztailaren 7a baino lehen. Jasotako datuen azterketa eta ondorioak Euskararen Aholku Batzordean zehaztuko direla azaldu du Euskara Sailak eta, horren ostean, plan estrategikoa garatuko dute.