Ander Araiztegi Grañak (Ermua, 2001) 17 urterekin probatu zuen boxeoa lehen aldiz: "lagunekin apuntatu nintzen, futbolaz aspertuta". Bost hilabeteren ostean utzi eta hiru urte beranduagora arte ez zen bueltatu. Durangoko Fight Factory gimnasioan apuntatu zen orduantxe, afizioa "serioago" hartzeko asmoz, baina Erasmus programan sartu eta geldialdia egin behar izan zuen berriz ere. Azkenik, 2022ko irailetik aurrera "benetan" hasi zen "serio eta entrenatzeko errutinak mantentzen".
Gimnasioa Durangon, kluba Soraluzen
Gaur egun, Durangoko Fight Factory gimnasioan jarraitzen du, baina Soraluzeko Sorabox klubarekin borrokatzen du. Jaiotzez ermuarra den Ixa Rodríguez da Soraboxeko buru eta, azaldu duenez, "gimnasioek ezin dituzte euren boxeolariak txapelketetan sartu, horregatik, Soraboxetik (gimasioa izateaz gain kluba ere izanik) beste gimnasioetako gazteak hartzen ditugu gurean, borrokatzeko aukera izan dezaten".
Pasa den barikuan, Araiztegiren aldeko apustua egin eta klubak berak antolatutako Hernani Sutan boxeo jaialdira eraman zuten. Bere bigarren borrokaldia izan zen eta Astigarragako Paco Bueno taldeko Ekain Fernandezen aurka neurtu zituen indarrak. Hiru minutuko hiru round izan ziren eta ermuarrak lortu zuen garaipena. Segidan eguneko irudiak: