Pasa den astean, Alboka Musika Eskolako ikasleek entzunaldiak egin zuten lau egunetan zehar, urtean zehar ikasitakoa erakutsiz Lobianon. Orain, ikasturteari amaiera borobila eman nahian, plazara aterako dira. Bihar, ostirala, eskolako lau talde moderno eta Alboka Musika Banda Orbe Kardinalaren kioskora igoko dira, eta herritarren guztientzako emanaldi berezia eskainiko dute, 19:30ean hasita.
Banda eta talde modernoetako bat, iazko Alboka Egunean.
Matrikula zabalik
Musika eskolatik jakinarazi dute 2024-2025 ikasturtera batzeko aukera dagoela oraindik. Musika hizkuntza ikastearekin batera, askotariko instrumentuak daude aukeran: haizezkoak (klarinetea, saxofoia, tronboia, tronpeta, zeharkako txirula), sokazkoak (biolina, biolontxeloa, baxua, gitarra klasikoa eta elektrikoa, pianoa) eta perkusiozkoak (panderoa, bateria eta bestelako perkusio instrumentuak). Bakarrik ezik, talde desberdinetara batzeko aukera ere dago, tartean: banda, soka taldea, trikitixa eta panderoa, musika modernoa, gitarra orkestra, perkusio taldea, pianoa 4 eskutara eta abesbatzak (Pispillu edo gazteen korua).
Interesa dutenek 943 17 12 18 telefonora deitu dezakete, albokamusikaeskola@hotmail.com helbidera idatzi edo zuzenean bertara gerturatu (Goienkale 2).