Domekan piztuko da San Juan sua Ermuan, 22:30etatik aurrera.
Txindurri taldearen akelarreak emango dio hasiera gauari. Aurten, naturaren elementuak (ura, sua, lurra eta haizea) izango dira jantzien eta dantzen inspirazio iturri, eta Akerraren frontoiko jaitsiera ez dela faltako agindu dute. Irrintzi lehiaketa ere egingo da eta bi kategoria izango ditu: helduena eta gazteena. Nagusien irabazleak Karabixa tabernan bazkaria/afaria egiteko edo Quetzalen erosteko 60 euroko txekea jasoko du. Gazteek 30 eta 20 euroko euroko bonoak izango dituzte sari, Xiripot liburudendan erabiltzeko. Lehiaketaren ostean suaren inguruan jarraituko dute, dantzan eta kantuan.
Jarraian San Juan kantuaren hitzak:
San Juan, San Juan
arrautza bi kolkuan
beste bi altzuan
Gaiztuak eta lapurrak
erre, erre!
Garixak eta artuak
gorde, gorde!
Biba San Juan!
Bihar da San Juan!
Gure soluan
kokorik ez, lapurrik ez
danak erre daitez!
Gauerdiak jota, su ikuskizunetan espezialista den Lekittoko Deabruak taldeko Imanol Barainkak Suzko Zezena aterako du plazara, eta bere txinpartak izango dira urteko gaurik motzena argitzen azkenak.