Sallabenteko Espilla-Azpi baserrian jaio zen Alberto Lasuen ermuarra, 1941ean. Bizikletan ibiltzen hasi zen gaztetan, eta utzitakoan arbitro-epaile, enlaze eta kirol-zuzendari aritu zen, besteak beste. Ermuko Txirrindulari Elkartearen sorreran egon zen, herriko beste zale batzuekin batera, eta ia 40 urte eman zituen taldeko lehendakaritzan.
Lan ugari, afizio bakarra
Grabadorea eta burilista, autoeskolako irakaslea, indusketako kamioi gidaria, Udaleko brigadako arduraduna... Lan ugari izandakoa den arren, afizio ia bakarra izan du Alberto Lasuenek bizitza guztian: txirrindularitza. "Hendaiara joaten nintzen lehengusuak bisitatzera, bertan bazkaldu eta bueltan etortzen nintzen egun berean. Niretzat hura bueltatxo bat zen garai hartan", azaldu du Lasuenek. Horrez gain, txapelketa asko irabazi zituen, eta gogoan du txapelketetara trenean joaten zela, eta urrun joan behar bazuen, aurreko egunean bertaratzen zela, eta apopilo egiten zuen lo etxeren batean.
Ermuko taldearen sorrera
19 urterekin utzi zion txapelketetan parte hartzeari, baina 1984ra arte jarraitu zuen bizikletan ibiltzen, motorrarekin istripua izan zuenera arte. Ordurako bazebilen arbitro-epaile lanetan, baita bidegurutzeak seinalatzen, txirrindularien materialaz arduratzen, medikuak eramaten zituen kotxea gidatzen...
1979ko uztailaren 19an, Ermuko Txirrindulari Elkartea sortu zuten Pepito Amasek (lehen lehendakaria izan zena), Paquito Iturriagagoitiak, Lorenzo Iturriagagoitiak, Javier Sagarduik, Ricardo Lasuenek eta Alberto Lasuenek berak, besteak beste, inguruko herriko bateko elkartearekin sortutako haserrearen ondorioz. Lasuenek arbitro-epaile lanak utzi behar izan zituen talde honetako lehen kirol-zuzendaria izateko, lizentzia atera eta gero, eta lehendakaria izan zen urte askoan, 2018ra ingurura arte
Bederatzi eta hamazazpi urte bitarteko neska-mutilekin aritzen ziren elkartean (gaur egun bezala), bai errepidean bai ziklo-krosean ere, eta agian dedikazio horrek azaldu lezake zergatik dagoen Ermuan horrenbesteko afizioa eta zergatik izan diren maila goreneko horrenbeste txirrindulari.
Lasuenek aipatzen du Orbea eta Indartu bidelagun izan zirela beti taldearentzat, bai arropa emanez, bai azterketa medikoak egiterako orduan. "Eta ezin dut ahaztu Euskaltelek guri oparitutako kamioia: 50 bizikleta sartzen ziren, lan egiteko mahaia zeukan, baita hozkailua, garbigailua eta lehorgailua. Beste herrietako elkarteek ez zuten begi onez ikusi guri ematea, baina tira! Nik gidatzen nuen kamioi hura", esan du.
Jarraitzaile egun ere
Eibarko Bizikletaren antolaketan ere urte askotan ibili zen, eta bertako kirol-zuzendaria izan zen ere, egungo Itzulian. "Nesken taldearekin aritzen nintzen batez ere, eta lasterketa gutxi zeudenez, Europa osoan zehar bidaiatu behar izaten genuen orduantxe zeuden probetan parte hartu ahal izateko: Frantzia, Belgika, Suitza, Italia, Alemania...", gogoratu du.
Txirrindularitzaren mundutik erretiratuta dagoen arren, lasterketen egutegia eskura dauka, eta telebista aurrean egoten da proba guztietan, kale egin gabe. "Gaur egun Pogacar da gaur jaun eta jabe, baina historia guztian zehar Eddie Merckx, Fausto Coppi eta Jacques Anquetil aipatuko nituzke.
Omenaldia merezi duen zalantzan jartzen duen arren, Alberto Lasuenek pozarren jasoko du bere taldeko esker ona ekainaren 23an.
Alberto Lasuen atzo, omenaldian. Argazkia: Ruben Pazos.