Suak noski, baina baita urak, aireak eta lurrak, naturaren lau elementu nagusiek bizia hartu zuten bart, Txindurri Txistu eta Dantza taldeko hogei eta hamarretik gorako dantzarien esku eta oinetan, une gorenera iritsiz frontoiko horma zabalean akerra su gorritan azaldu zenean. Plaza bete jende San Juan, San Juan kopla zaharrak kantatzen entzutea ere "gogoragarria" izan zen Euskal Birusa eta Txindurrikoen esanetan, jardueraren antolatzaileak.
Irrintzika, ijuika...
Gaua akorduan izango dute ere irrintzi lehiaketan parte hartzera animatu eta, lotsak behean lagata, oholtza gainera igo ziren herritarrek. Beraien artean irabazle suertatu ziren: gazteen sailean Alex Peñas lehenengo eta Ekain Escribano bigarren; helduen kasuan Maitane Millán izan zen saritua.