Bizkaiko txirrindularitza eskolak batzen dituen Udaberrikopa lasterketa zirkuituaren aurtengo edizioa Ermuan amaitu da.
Domekan jokatu zen, ekainaren 23an, eta, goiza borobiltzeko, lasterketaz aparteko bi ekintza nagusi prestatu zituen Ermuko Txirrindulari Elkarteak: haurrentzako ginkana Orbe Kardinalaren plazan eta omenaldia elkartearen sortzaile izandako Alberto Lasueni, bertako kioskoan muntatutako podiumean. Eguraldia lagun izan ez zuten arren, euria ez da inoiz aitzakia izan txirrindularitzan eta ekintza guztiak burutu ziren, umeen bizikleta zirkuitua barne. ETXEtik "egun ahaztezina" izan zela diote, eta jende askoren esker ona jaso dutela "antolakuntzan egindako lan guztiagatik" eta Lasueni eginiko "omenaldi hunkiagarriarengatik".
Taldera batzeko aukera
Denboraldi osoan zehar Ermuko Txirrindulariren Komunitateko blog-eko argitalpenetan ikusi ahal izan denez, ederki pasatu dute haur eta gazteek Udaberrikopan zein bestelako txapelketetan. Horregatik, elkartetik, Ermuko eta Mallabiko haur eta gazte guztiei taldera batzeko gonbita egin nahi diete.
Interesa izanez gero, bidali email bat ermukotxirrindularietxe@gmail.com helbidera edo, errazago, idatzi zuzenean whatsapp mezua telefono honetara: 644 65 50 85. Bestela, sare sozialetako kontuen bitartez ere egin dago harremanetan jartzeko aukera: facebook-en edo instagram-en (@ermukotxirrindularietxe bietan).