Asier Madarieta, geologoa: “Ermua itsas sakonean kokatuta zegoen duela 60 milioi urte inguru”

Dorleta Vidal 2024ko eka. 27a, 12:06

Geologiako ikasketak egin zituen Asier Madarieta ermuarrak duela ia hamar urte, eta ordutik ikerketa-zentro eta arlo ezberdinetan lan egin izan du. Gaur egun EHUko Geologia Saileko ikerlaria da, eta datozen bi urteak Palermon (Sizilia) emango ditu, deformazio tektonikoak ikertu ahal izateko metodologiak lantzen. Madarietarekin batera jardun dugu Ermuan dagoen flyschari eta bestelako ezaugarri geologikoei buruz.

Zer da flysch bat? 
Arroka sedimentarioz osatutako formazio geologiko bat da. Hain zuzen ere, itsas-arro sakonean metatzen diren material ezberdinen txandakatze bat da: batetik, sedimentu gogorrez, hareharriz, osatutako geruzak daude; bestetik, sedimentu bigunez osatutakoak, tupaz edo lutitaz. Geruza bigunak pixkanaka-pixkanaka itsas sakonean metatzen diren material finez sortzen dira. Geruza gogorrak aldiz, bat batean, minutu eta ordu gutxitan, itsas-ezpondatik behera erortzen diren material lodiagoez osatuta daude, turbiditez alegia.

Zein garaitan sortu ziren flyschak?
Edozein garaitan sortu daitezke, kontinentetik gertu kokatutako itsas-arro sakon bat dagoen edozein tokitan. Gaur egun, adibidez, Bizkaiko Golkoan metatzen ari dira. Itsas sakonean sortzen direnez, lurrean ikusi ahal izateko prozesu orogeniko baten bitartez azaleratu behar dira. 
Zein prozesuk azaleratu zituen gure inguruko flyschak?
Kantabriar-Piriniar mendikatearen formakuntzan, itsas sakoneko sedimentu hauek tolestu, apurtu eta azaleratu egin ziren eta, horri esker, Euskal Herriko toki ezberdin ugaritan ikus ditzakegu flyschak. Horren eredu da Deba eta Zumaia arteko kostaldean kokatuta dagoena ere, munduan dauden eredu ikusgarrienetarikoa. 

Ermuko irteeran, Okinzuri auzoa igaro eta gero, flysch eder baten ertza ikusi daiteke baita ere (Hierros Bilbao lantegiaren parean). Oharkabean pasa daitekeen arren, aspaldidanik dago bertan, ezta? 
Bai, Okinzuri auzoan dugun flyscha Kretazeo amaieran eta Paleogenoaren hasieran metatutako sedimentuz egina dago, hau da, 60 eta 50 milioi urte bitarteko adina duten arrokez osatuta dago. Gurea, hareharri karetsuen eta tupen arteko txandakatze bat da. 

Errepidetik begiratuta, ertza baino ez da ikusten. Zer nolako luzera izan dezake? 
Formazio geologiko hauek itsas-arro baten tamaina izan dezakete, hau da, sortzen direnean ehundaka kilometroko hedapena izan dezakete. Dena dela, gaur egun prozesu orogenikoek deformatu izanaren ondorioz, Euskal Herrian zenbait azaleramendutan ikus daitezke soilik, Ermuan, Zumaian edo Sopelan esate baterako. Jatorrian azaleramendu guzti hauek batuta egon ziren, baina  gaur egun higadurak banatu egin ditu. 

Nondik irten ziren arroka guzti hauek?
Ermuan ditugun arroka gehienak itsas sakoneko arrokak dira, duela 90 eta 50 milioi urte ingurukoak, batik bat Okinzurin dugunaren moduko flyschak. Arroka hauek beste hainbat azaleramendutan ikus daitezke Ermuan. Esaterako, oso ondo ikus daitezke Goienkaletik Sakonara doan San Isidro kalean, La Forja auzoko etxebizitzen atzeko aldean, Eitzagara bidean, edo Urko puntan. Horrez gain, Ermuan Kretazeoaren eta Paleogenoaren arteko muga dago (K-Pg muga: 65.5 milioi urte). Lurraren historiako desagerpen masibo famatuenak zehazten du muga hau: dinosauruen desagerpenarekin lotutakoa, alegia.

Geologiaren esparruan lan egiten duzuenontzat, flyschak interesgarriak dira? Zein informazio mota ematen dute?
Edozein arroka-formaziok sortu zeneko baldintza geologikoei buruzko informazioa ematen digu. Arroka sedimentarioek, zehazki, garai hartan zegoen ingurumen sedimentarioaz hitz egiten digute. Esan dugun bezala, flyscha kontinentetik gertu dagoen itsas-sakoneko arroetan sortzen dira. Beraz, haiei esker badakigu Ermua, zein Zumaia edo Sopela, duela 90 eta 50 milioi urteen artean itsas sakonean kokatuta zeudela.

Zeintzuk dira Ermuak dituen beste ezaugarri geologikoak? 
Ermua Eusko-Kantauriar arroaren erdigunean kokatuta dago. Arro hau, Jurasiko eta Kretazeoan zehar zabalduz joan zen, Iberia eta Eurasia kontinenteak urruntzen ari ziren bitartean. Ermuan ditugun arrokak prozesu hau amaitu ondoren metatu ziren, arroak sakonera handiena zuen momentuan. Ondoren, orogenesiaren ondorioz, arrokak tolestu, apurtu eta azaleratu egin ziren eremu menditsua sortuz. Horren eraginez, higadura hasi zen lanean, batik bat ibaiak, gaur egun ezagutzen ditugun haranak sortuz. Horrela, Euskal Herriaren bereizgarria den mendiz eta haranez sortutako geografia sortu zen.

Azken urteotan, zure proiektuen berri jaso izan da Drogetenitturri aldizkarian. Estrainakoz, Kanariar Uharteetako Institutu Bolkanologikotik bueltan zeudenean (2019ko uztailean) eta hurrengoa Antartikatik heldu berritan (2023ko martxoan). Zein proiektutan ari zara lanean gaur egun?
Aurtengo martxotik aurrera Palermon (Sizilia) ari naiz lanean, eta bi urteko egonaldia egingo dut hemen. Denbora tarte horretan, GPS-ekin erlazionatutako metodologia lantzeko helburua daukat, Iberiar Penintsulan ematen ari diren deformazioa tektonikoak ikertu ahal izateko.