Jacinto Toryho kazetari libertarioaren testuak Ermuan bilduta

Dorleta Vidal 2024ko eka. 26a, 11:05

José Miguel Fernández kazetari ermuarrak Años de hierro izenburua daraman liburua kaleratu zuen iazko urrian. Bertan, Jacinto Toryho kazetari zamorarrak idatzitako testuen bilduma jaso zuen, Espainiako Gerraren amaieratik Bigarren Mundu Gerra bukatu zenera arte.

Datozen hilabeteotan, Toryhoren biografia aurkeztuko du.

Jacinto Toryho kazetari libertarioak No éramos tan malos liburua argitaratu zuen 1975ean. Bertan, Espainiako Gerra Zibilaren hainbat kapitulu eta anekdota historikoak jaso zituen, eta kasualitatez, liburu hura José Miguel Fernández kazetari ermuarraren eskuetara heldu zen urte dezente geroago. "Liburua irakurri nuen garaian, ez nekien Espainian gerra bat egon zela, ezta mugimendu anarkistak horrenbesteko indarra izan zuela...", aitortu du Fernándezek. Irakurri zuena interesgarria iruditu zitzaion arren, laster ahaztu zuen, eta urteak igaro behar izan ziren, etxean zeukan liburuari berriro heltzeko eta bere buruari galderak egiten hasteko: Hemen agertzen dena egia izango da? Gezurra? "Ordurako nik beste backgrounda neukan, eta bilatzen, ikertzen eta galdetzen hasi nintzen", azaldu du ermuarrak.

Toryhoren ibilbideak Fernándezen interesa piztu zuen: Zamoran jaio zen eta apaiza izateko seminarioan zegoenean ihes egin zuen Madrilera, kazetaria izan nahi zuelako. Estatuko lehen kazetaritza eskolan ikastea lortu zuen, El Debaten, hain zuzen ere, eta eskumakoa izan arren, Errepublikaren alde egon zen hasieran eta hilabete gutxitan anarkista bihurtu zen.

"Prentsa anarkistan idazten hasi zen orduan, eta ospe handia lortu zuen berehala, beraz, Bartzelonatik deitu zioten Solidaridad Obrera egunkarian idazteko", azaldu du Fernándezek. Bertako zuzendariordea ere izan zen, eta bizitzak Kubara, Estatu Batuetara eta Argentinara eramango zuen gero. Jacinto Toryhoren ibilbidea ezagutu bezain laster, haren biografia prestatzen hasi zen Fernández, "duela urte asko", bere esanetan. Lan nekeza izan zen, alde batetik Toryho abizenarekin sinatzen zituelako bere artikuluak anarkista garaian, baina aurretik bere benetako abizena erabiltzen zuelako (Torio); eta bestetik, bere testuak herrialde ezberdinetan idatzi zituelako. "Nire denbora librean burutu nuen ikerketa lan hau, besteak beste Bartzelonako, Valladolideko eta Frantziako artxibo ezberdinak arakatuz", esan du.

Amaigabeko lana

Bidean frustrazioari aurre egin behar izan zion arren, José Miguelek onartzen du asko gozatu zuela ikerketa prozesuan, asko ikasi zuela eta pertsona oso interesgarriak topatu zituela. "Oso lan aberasgarria izan zen, eskura nituen baliabide guztiak erabili nituen kontaktuak egiteko, hizkuntza ezberdinak erabili... Gaur egun, hori guztia errazagoa da Interneti esker, baina gauza askotan trebatu behar izan nintzen eta oso gustura ibili nintzen".

Toryhoren biografia idaztea amaigabeko lana bihurtu zen arren, bukaera emateko beharra sumatu zuen momentu batean, eta berau kaleratzeko argitaletxe bila hasi zen. Prozesu horretan, Sevillako Renacimiento argitaletxea jarri zen ermuarrarekin harremanetan, eta proposatu zion biografia kaleratu aurretik, kazetaria zamorrararen testuak jasotzen zituen liburu bat prestatzea, bere figura berreskuratzeko. Lanari ekin zion Fernándezek berehala, eta Años de hierro da eskaera horren emaitza.

Liburu honek Toryhok idatzitako artikuluak jasotzen ditu, Espainiako gerraren amaieratik Bigarren Mundu Gerra bukatu zen arte. Egileak interesgarria dela deritzon arren onartzen du liburu hau ez dela eleberri bat, eta ez dela publiko ororentzako erakargarria izango. Bestalde, harrerari buruzko daturik ez duen arren, hainbat pertsona jarri dira berarekin harremanetan, tartean historialariak, eta zenbait aurkezpen egin ditu leku ezberdinetan.

Dena den, egilearen arabera, interesgarriena etortzear dago: Jacinto Toryhoren biografia, hain zuzen ere. Lan hura idazteko, Fernándezek ikerketa sakona egin zuen estatuan, Europan, Hegoamerikan eta Estatu Batuetan, eta oraindik ere datu eta ekarpen ezberdinak jasotzen jarraitzen du: "Jasotakoa interesgarria bada, liburuan txertatzen dut, baina berez lana prest dago". Argitaletxeak agindu bezain laster ikusiko du argia lan berriak.