Gaur zabalduko dute Betiondoko igerileku berria

Drogetenitturri 2024ko uzt. 1a, 07:01

Betiondoko igerileku irekia. Argazkia: Ermuko Udala.

Gaur, uztailaren 1ean, Betiondoko instalazio berriak irekiko dira eta irailaren 15era bitartean egongo dira zabalik. 10:30etik 20:30era bisitatu ahalko da igerilekua, egunero.

Goizeko 10:30ean, Betiondoko igerileku irekia zabalduko da, estreinakoz.

Haur, gazte eta helduentzako gune desberdinak izango ditu, 1,45 metroko gehienezko sakonerarekin. Berdegune zabalak inguratuko du, igerilekuarekin batera, 1.121 pertsonako aforoa duelarik. Horrez gain, bi aldagela, sorospen botikina, janari eta edari makinak, komun egokitua eta ehun aparkalekutik gora jarri dituzte. Zerbitzu berriok Betiondoko kiroldegiak jada dauzkanarekin konbinatuko dira, hala nola, bertako dutxak edota bizikleta aparkalekua erabili ahalko dira.

Sarrera

Egun baterako sarrerak 5,25 euroko kostua izango du pertsonako. Igerilekua nahibeste bisitatu nahi duten herritarrentzat abonuak eskainiko dituzte: 34,10 euroan adin txikikoentzat eta 57,50 euroan helduentzat. 24 urtez azpiko seme-alabak dituzten familientzat abonu berezia egongo da, 91,50 euroko kostuarekin.

Udal Kiroldegiko bazkide direnek sarrera librea izango dute.