Uztailaren 17an, Santixau jaien atarian, kontzertua eskainiko duzu Ermuko elizpean, 20:30ean, Euskal Birusa Elkarte Kulturalak antolatuta. Zer nolako emanaldia izango da?
Oso berezia izango da, abesti guztiak euskaraz izango direlako. Begixek mini-albumeko abestiak kantatuko ditut, oraindik kaleratu ez dudan abestiren bat, eta gauza berezitxoren batzuk ere.
Izan ere, zure errepertorioan euskarazko, gaztelaniazko eta ingelesezko abestiak daude. Zein hizkuntzatan sentitzen zara erosoen?
Euskara da nire hizkuntza naturala. Abestiak idazteko, aldiz, hizkuntza bakoitzak gauza batzuk ematen dizkit, eta abesti motaren arabera bat edo bestea aukeratzen dut.
Espazio txiki batean arituko zara egun horretan, baina jaialdi handietan jotzen ere ohituta zaude, ezta?
Bai, eta uste dut leku bakoitzak bere xarma duela. Hasieran lotsatiagoa nintzen, eta areto txikiak nahiago nituen. Gainera, uste dut aforo txikiekin aukera dagoela abestien esanahiaren inguruan hitz egiteko eta abestiak hobeto ulertzeko. Hala ere, lotsa joan zitzaidanean, hasi nintzen eszenatoki gainean mugituz gozatzen, eta jaialdiei gustua hartu nien. Gainera, ekitaldi horietan ez dago horrenbesteko presioa, hainbat talderen artean zu beste bat zarelako, eta nik ondo pasatzeko aprobetxatzen dut.
Zertan zabiltza gaur egun?
Aste honetan entregatuko dut bigarren diskoa izango den Qué lástima lana, irailean argitaratuko dena.
Lan berri horretako abesti batzuk entzungai daude dagoeneko...
Bai, lau kanta aurkeztu ditut jadanik: Anne Lukinekin batera abesten dudan Acostumbrarme; Amaiera; Corre, que el rayo no te parta; eta Haría lo que fuera (menos lo que tú quieras). Oso harrera ona izan dute, egia esan, batez ere azkenak, Haría lo que fuera. Argitaratu zenean, hainbat mezu jaso nituen esanez orain arte egin dudan kantarik onena dela!
Une gozoa bizitzen ari zara?
Alde batetik bai, baina bestetik gogorra izaten ari da, proiektua biziberritzen ari naizelako. 2023an ez zizkidaten gauzak erraz jarri, eta bat-batean hori aldatzeko aukera daukat. Alde horretatik oso pozik nago, ilusioz beteta, baina buruan nekea daukat.
Diskoa entregatu eta gero, atsedena hartuko duzu?
Ez, kontzertu-bira txiki bat egiten ari naizelako, aurreko diskotik hurrengora dagoen impasse hori betetzeko: ekainaren 1ean hasi zen bira hura, Bilbon, eta irailean bukatuko da, Sitgesko musika jaialdian.
Besteak beste, Donostian, Malagan eta Benidormen izango zara. Hitzordu horietako baten bat aipatzekotan...
Badaude bi kontzertu oso bereziak izango direnak. Alde batetik, Donostiakoa (ekainaren 20an). Oso harrera ona izan dugu bertan betidanik eta ilusioa egiten dit bueltatzeak. Gainera, Miramar Gauak jaialdi xarmagarriaren barruan joko dut. Bestalde, diskoa prestatzen egon garenez, kontzertu gutxiago eman genituen iaz, eta Oasis Sound jaialdira (La Solana, Ciudad Real) bueltatzea ere oso berezia izango da (uztailaren 6an).
Orain arteko kontzerturik bereziena?
Hunkigarriena Gernikako bunkerrean eman nuen, bonbardaketaren urteurrenean, 2019an. Oso berezia izan zen bai nire sentsazioa bai jendearen jarrera ere. Gogoan daukat, bukaeran, Katalintxu kantu herrikoia abestu nuela, aspaldian nire herenamonentzat sortu zutena. Jendeak nirekin batera abestu zuen, eta denok negarrez bukatu genuen...
Jendez inguratuta abesteaz gain, bikoteka ere sarritan aritzen zara, eta arrakasta handia izan dute ETSrekin edota Bulegorekin batera egindako kolaborazioek. Gustura duetoetan?
Bai, noski, horrelako proposamenek ilusio handia egiten didate, eta gainera uste dut horiek izan direla Euskal Herrian gehien nabarmendu diren nire kantak. Beraz, pozik nago eurekin lan egiteko aukera izanagatik. Bakarlaria izanda, batzuetan pentsatzen dut zoratuko naizela, eta asko estimatzen dut jende gehiagorekin lan egitea.
Etorkizunera begira, zer plan duzu Qué lástima diskoa kaleratu eta hurrengo hilabeteetarako?
Diskoa kaleratu bezain laster, berau aurkezteko biratxoa egingo dugu, eta datorren urtera arte luzatuko dugu, udan festibaletan parte hartu ahal izateko.