Uztailaren 5ean, 6an eta 7an Sallabenteko jaien ekintza nagusia ospatu da: Erdi Aroko azoka.
Gipuzkoa etorbidea merkatari postuez bete da eta denetariko salgaiak erosteko aukera egon da: xaboiak, amuletoak, marrazki grabatuak, jantziak, bitxiak, txotxongiloak, zurezko jostailuak, fosilak eta henna tatuaiak, besteak beste. Hori guztiaz gain, jatekorik ez da falta izan: gozoak, ogia, gazta, hestebeteak, pastelak, enpanadak... eta momentuan egindako txerri errea edota 'kebab artesanoa' dastatzeko aukera egon da.
Egunero, musikari eta antzezlariez girotuta egon da azoka: Kalejiran ibili dira Erdi Aroko jende arruntaz jantzita, baina baita kondairetako pertsonaia mistikoz mozorrotuta ere. Auzoan gora eta behera ibili diren txikienen artean irriak sortu dituzte aztiek, iratxoek eta zirku-artistek; eta ikara apur bat deabru eta bestelako munstroek. Edonola ere, ziur esperientzia magiko honen zapore gozoarekin bueltatuko direla auzotar guztiak egunerokotasunaren beharretara gaur.