Maiatza erdi aldera itxi zuen denda Idoia Goikoetxeak, erretiroa hartzeko asmoa zuelako eta oraindik apaletan geratzen zen generoa elkartasunera bideratzea otu zitzaion: salduta Palestinako herriak pairatzen dagoen egoera arintzeko modu bat ikusi zuen. Talde desberdinetako kideekin batera, jasotakoa nola eta nori bideratu erabaki zuten eta lehen unean UNRWAren bitartez, Nazio Batuek errefuxiatu palestinarrak artatzeko duten agentziaren bitartez egitea aurreikusi zuten.
UNRWA-rekin hainbat erakundek eta herrialdek ari direla kolaboratzen ikusita, beste aukera batzuk aztertzen ari dira ermuarrak: bertan, gatazkatik gertu, gobernuz kanpoko talde txikiak dihardute lanean eta horien jardueraren berri jasotzen ari dira, nahiz eta “han gertatzen ari den sarraskia ordaintzeko beste diru ez dagoen” taldekideen esanetan.
Santixauak arte mantenduko dute Tutiliklaseko salmenta lekua zabalik; pozik, oso pozik daude herritarren artean izan duen harrerarekin. Kezkatuta azaldu dira, ostera, euren esanetan Palestinako egoera normalizatu egin dugulako, “ohitu egin gara gerrako irudiak egunerokotasunaren parte izatera. Gure oporrak diseinatzen ari gara, ilusio handiz eta ez oso urrun barbarie hau sufritzen ari dira eta erruki barik hiltzen” azpimarratzen dute. Hausnartzen jarraitzeko premia ikusten dute, kontzientzia sortu, mobilizatu, pankartak egin, manifak konbokatu… eta horretan ez dutela etsiko ere ahoz goran iragarri dute “hau ez delako bihar etzian amaituko” euren ustetan.