Atzo, asteazkena, Marenek kontzertua eskaini zuen Ermuan, Euskal Birusak antolatuta Santixauetako egitarauaren baitan.
Elizpean jezarrita egoteko lekurik ez eta jendeak tente eta bazterretatik ikusi behar izan zuen emanaldia. Bere disko berriko kantuak abestu zituen, aurreko lanetakoak, konposatu zuen lehen kanta, ETS eta Bulego taldeekin duora dituenak eta baita bere herenamona Katalintxu lora ederrari eskaini zioten kantu tradizionala ere. Bere zaleak etengabe animatu zituen berarekin abestera eta ez zioten kale egin. Oso pozik eta eskertua zegoela esan zuen emanaldi amaieran.
Bartzelonatik iritsi berri, egun batzuk barru bere bira jarraituko du Malaga eta Benidormeko jaialdietan parte hartuz. Bestalde, EITB1eko Gora bihotzak! saioko kazetari eta kamera bat bertan egon ziren eta kontzertuaren amaiera zuzenean emititu zuten, Nahieran ikusgai.