Jaioberria zen semeak mugikortasun arazoak izango zituela jakitea ez zen samurra izango...
Ez, ez dut uste, baina medikuak eta gurasoak ez ziren ohartu hilabete batzuk nituenera arte, eserita egoteko gai ez nintzela ikusi zutenera arte. Gurasoentzat ez da batere erraza izan gai honi buruz argi eta garbi hitz egitea, baina denborarekin gero eta gauza gehiago jakin izan ditut.
Nola gogoratzen duzu haurtzaroa?
Hasieran Aspacera eraman ninduten, baina irakurtzen eta idazten ikasi nuenean herriko eskolara aldatu ninduten, 2. mailan. Garai hartan gauzak oso desberdinak ziren: ez zegoen irakasle berezirik, eskola askotan ez zegoen igogailurik... Ni ezin nintzen patiora jaitsi, eta jolas-orduetan pasilloan geratu behar izaten nintzen, besteen zain, askotan bakarrik. Garrantzitsua iruditzen zait horrelako gauzak nabarmentzea, jendeak ikus dadin gaur egun ditugun baliabideak ez direla beti existitu.
Aldaketak astiro etorri ziren?
Bai, behin ama eskolako zuzendaritzarekin hitz egitera joan zen, nire gela lehenengo solairuan jartzeko eskatzeko, eta ezetz esan zioten. Gaur egun errazagoa da salaketa publikoa egitea, eta sare sozialek ere laguntzen dute, baina garai hartan zarata asko egitea ez zegoen modan. Dena den, gauzak aldatzen joan dira ordutik, eta inklusioa handia da gaur egun. Bilakaera egon da, batzuetan okerrera, baina gobernuek dirua arlo horretara bideratzen duten bitartean, egoera ez da txarra izango.
Erraza izan zen lan merkatuan sartzea?
Urte dezente egon nintzen lan bila, Administrazioko modulua egin eta gero. Teleoperadore ibili nintzen hasieran, administrari... Urte batzuk eman nituen lanean, eta 34 urte pasatxo nituenean ezintasunagatiko jubilazioa hartu nuen.
Zertan ematen duzu denbora orain?
Irisgarritasunaren esparruan lanean dihardut buru-belarri, gauzak hobetu nahian. Andoainen Ackzesible izeneko taldetxo bat sortu nuen duela 12 urte, eta bertako kideekin batera herrian hobetu daitezkeen oztopoak identifikatzen ditugu, eta Udalarekin biltzen gara, konpondu dezatela eskatzeko. Lan altruista da.
Pentsatu duzu Ermuan ere horrelako talderik sortzea?
Bai, aspaldi bildu nintzen alkatearekin eta Udaleko alderdi politikoetako ordezkariekin, eta, batez ere, haietakoren batekin harremanetan nago. Irailetik aurrera talde txiki bat sortu eta lanean hastea gustatuko litzaidake, beraz interesatuak nirekin harremanetan jar daitezke inigo.irube@gmail.com helbidera mezu elektroniko bat bidaliz.
Zeintzuk dira egunerokotasunean topatzen dituzun zailtasunak?
Ermua herri zaila da aulkian ibiltzeko, inguruko besteak bezala. Zerukoan bizi naiz, eta etxetik irtetea eta etxera bueltatzea ez da batere erraza. Duela gutxira arte, gainera, kotxeak espaloi gainean aparkatuta egoten ziren, eta ni errepidetik joan behar izaten nintzen. Santa Ana ere kriminala da, eta anbulatoriora joatea ez da batere erraza. Bitartean Merkatu Plaza hutsik dago... ez dut ulertzen. Bestalde, zailtasunak ditut saltoki askotara sartzeko, elbarrituentzako komunak askotan ez daude erabilgarri edo biltegi gisa okupatuta daude...
Dendari eta tabernariekin ere hartu-emanean zaude?
Bai, saltoki berriek araudi bat bete behar dute irisgarritasuna bermatzeko, baina aurretik zabalik daudenak ez daude derrigortuta. Hori dela-eta, gurpildun aulkian goazenok arazo larriak ditugu hainbat dendetara sartzeko, eta identifikatu eta gero, jabeekin hitz egiten saiatzen naiz. Batzuk oso jarrera ona dute, eta duela gutxi herriko denda batek tinbre bat jarri du kanpoan, eta deituz gero, arrapala txikia ateratzen du. Beste batzuk, ordea...
... txarrera hartzen dituzte zure proposamenak?
Denetik entzun dut! Tinbreak lapurtuko dizkietela, nahi izanez gero produktuak kalera aterako dizkidatela, edo besterik gabe, ez dutela ikusten malda bat jartzeko beharrik.
Zer sentimendu sortzen dizu nonbaitera sartu ezin izateak?
Amorrua, batez ere.
Inoiz eskatu behar izan duzu laguntza?
Bai, garraio publikoan, esaterako: autobuseko arrapala batzuetan apurtuta dago, trenetik jaisterakoan, aulkiaren erroberak trabatuta geratu daitezke trenaren eta nasaren artean... Horrelakoetan jendea laguntzeko prest egoten da, baina esango nuke bakoitzak bereari begiratzen diola gero eta gehiago: mugikorrari, musika gailuei... Laguntza eskatzen badiezu hurbiltzen dira, baina bestela ez dute euren burua eskaintzen.
Herritarrak orokorrean sentsibilizatuta daude irisgarritasunarekin?
Ustez bai, baina gero ez diote gaiari garrantzirik ematen, ez zaie axola. Eta ez da haien errua, arazoa da esparru honetan heziketa falta handia dagoela. Gai guztietan bezala, ikasketa bat egon behar da.
Harremanen esparruan, aurreiritzi asko sumatu dituzu?
Gezurra da denok berdinak garela, eta garrantzitsuena barruan dagoela: gezur hutsa! Aurretik beste bikotekide batzuk izan ditut, eta emaztea aplikazio baten bitartez ezagutu nuen. Izan ere, elbarritasuna badaukazu, Internetek asko lagundu diezazuke sozializatzen eta jendea ezagutzen. Ni bakarrik bizi izan naiz urte askotan, baina batzuk ezin dira etxetik irten, eta haientzat zaila da aurrera egitea. Berrogei urterekin gurasoen etxean jarraitzen dute, umeak izango balira bezala, euren kabuz moldatu litezkeen arren. Utzikeriaz, kasu askotan, ez dira kalera irteten, ez dute arropa erosten, ez dira zaintzen... Udaletako Gizarte Zerbitzuek esparru horretan ere lan egin beharko lukete, baina badakit ez dela erraza.
Ekimen handiko gizona zara?
Beno, zerbaitetan eman behar dugu denbora! Eta gainera, beti saiatu izan naiz gure errealitatea bistaratzen. Duela urte mordoa, esaterako, Goenkale telesaileko zuzendariari idatzi nion, istorioan elbarritu bat behar zutela esateko. Pertsonaia sortu zuten eta niri eskaini zidaten papera, beraz, hara joan nintzen, telebistara!
Eta duela gutxi mendi tontor batean egon zara baita ere. Izan ere, ekainaren 8an egin zen Javi Alberdiren memorialean, Urkora igo zintuzten aulki berezi batean...
Bai, bikotekidearen alabak kartela ikusi zuen kalean eta izena eman nuen. Aulki horiek aurretik ezagutzen nituen, baina lotsa ematen zidan mendira horrela igotzeak. Oraingoan, aldiz, animatu naiz. Tarte batzuetan zortzi lagun behar izan ziren ni eramateko.
Zer nolako esperientzia izan zen?
Oso ona. Alde batetik, gailur batera igotzen nintzen lehenengo aldia izan zelako; bestalde Urko puntan zer dagoen ikusi nahi nuelako! Ermuarrek etengabe aipatzen dute Urko: Urkora noa, Urkotik nator...!
Errepikatuko zenuke?
Errepikatuko nuke, baina beste mendi batean. Momentu batzuetan arriskutsua iruditu zitzaidan: lurra labainkor zegoen, aldeetan sasiak… Eraman nindutenek sekulako lana egin zuten, eta asko eskertzen diet.