Tripak bete-bete, jolasean eta kaleak dantzan jarrita amaituko dira Santixauak

Ander Gomez 2024ko uzt. 27a, 06:00

Gaur (uztailak 27) Santixauetako azken eguna ospatuko da, Zezen Eguna. Egitarau borobila prestatu dute udalak eta herriko eragile desberdinek; non jana, jolasak eta musika ez diren faltako.
Argazki-sortan, Kaltxango eta San Martin plazetako haur-parkeetako irudiak.

Jarraian, Santixauetako azken egunerako programaturiko ekintza guztiak eta ordutegia:

JANA

Azken egunotan bezala, goizean goiz, txokolate beroa eskainiko du Gaztela-Leongo kultur etxeak; eta hamaiketakoa Nagusien Etxeak ipiniko du, sardina dastaketa eskainiz Martxoaren 8a plazan. Eguneko ekimen gastronomiko nagusia, ordea, urteroko Paella Lehiaketa herrikoia izango da.

  • 7:00 TXOKOLATADA Orbe Kardinalaren plazan.
  • 11:00-12:30 Arroz-banaketa Orbe Kardinalaren plazan. Ondoren, PAELLA LEHIAKETA herrikoia.
  • 11:00 SARDINA DASTAKETA Martxoaren 8a plazan.
  • 14:00 Lehiaketako PAELLEN DASTAKETA eta HERRI BAZKARIA Orbe Kardinalaren plazan.
  • 19:00 SARI-BANAKETA Orbe Kardinalaren plazan.

JOLASAK

Herritar goiztiarrenek —edo gaupaseroenek...— azken barru partidak jokatu ahalko dituzte plazan. Bestela, zezentxoekin aritzeko aukera izango dute ere Ongaraiko patioraino igotzea lortzen dutenek. Txikienentzat, aurreko egunetan bezala, adin desberdinetara egokitutako haur-parkeak egongo dira, goizez zein arratsaldez.

  • 7:30 BARRU partidak, Orbe Kardinalaren plazan.
  • 8:00 BIGANTXAK Ongarai Eskolako patioan.
  • 12:00-14:00 eta 17:00-20:00 2-4 urte bitarteko HAURRENTZAKO MINI PARKEA, Kaltxango plazan.
  • 12:00-14:00 eta 17:00-20:00 HAURRENTZAKO PARKEA, San Martin plazan.

MUSIKA

Kale eta plazak doinuz beteko dira eguerdian hasi eta gauera arte, denetariko musika eta dantza eskaintzarekin: txarangen kalejirak, jazz banda, erromeria, euskal dantzak...

  • 12:30 eta 19:00 Irulitxa txarangaren KALEJIRA, herrigunean.
  • 13:00 eta 19:00 Mac Jeara's jazz bandaren KALEJIRA, herrigunean.
  • 18:00 eta 20:00 Lotxo taldearen ERROMERIA, Orbe Kardinalaren plazan.
  • 19:15 AURRESKUA eta LARRAIN DANTZA irekia, Orbe Kardinalaren plazan.
  • 20:30 KALEJIRA Artistas del Gremio bandarekin, herrigunean.
  • 22:30 Irulitxa musika-bandaren ONGIETORRIA Orbe Kardinalaren plazan.

Traka finala

1876tik su ikuskizunak antolatzen dituen Valecea Piroteknia eta justu mende bat beranduago, 1976an, sortutako Orquestra Mondragon talde mitikoa izango dira aurtengo Santixauak ixtearen arduradun. Su ikuskizunak amaitzerakoan, kalejira egingo da Orbe Kardinalaren plazaraino eta, bertan, Agur Jaunak kanta abestuko da, Orquestra Mondragonen kontzertua hasi aurretik.

  • 23:00 SUZIRIAK Ongaraiko parkean.
  • 23:30 Orquesta Mondragon Orbe Kardinalaren plazan.