TOPA-KONPROMISOA

"Zabaldu botilak, osasuna, alaitasuna eta euskera"

Ander Gomez 2024ko uzt. 27a, 09:10

Euskararen aldeko topa-konpromisoan, Antxitxiketan Aisialdi Taldeko kideak izan dira aurtengo pregoia irakurtzearen arduradun. Orbe Kardinalaren plazako kioskotik egin zuten, Santixau Eguneko arratsean, Larrain dantzaren ostean. Argazkiak: Asier Ibaibarriaga.

Uxue Aranberria eta Ekaitz Prieto izan ziren Euskararen Aldeko Brindisa egitearen arduradun, Antxitxiketan taldearen izenean. Euskara "toki guztietan" (lagunartean, etxean, mendian, kalean, Santixauetan bertan...) erabiltzearen eta sustatzearen garrantziaz mintzatu ziren, eta, lan hori "guztion lana" dela azpimarratuta, genero eta adin guztietako herriko eragileen alde topa egitea proposatu zuten.

Jarraian, irakurritako agiriaren transkripzioa, osorik:

Arratsaldeon plazara hurbildu zareten guztioi. Urtero bezala, hemen gaude Antxitxiketaneko kideak Euskararen Aldeko Brindis ekitaldia ospatzeko prest.

Ez diogu aldarrikapen kutsurik eman nahi honi. Jaietan gaude eta ospatu beharra dago. Euskara Euskal Herrian eta ondorioz Ermuan bizi garen herritar denon altxorra da eta beraren alde urtean zehar ari diren neska-mutil, gizon-emakume, aiton-amon, ume... guztien alde egin nahi dugu topa.

Lagunartean, etxean, mendian, kalean, jaietan, euskara erabiltzea eta sustatzea denon lana da eta horretan badugu makina bat zeregin hemen gauden guztiok.

Jaietan ere ez gaitezen ahaztu euskararen erabilerak baduela bere garrantzia, beraz, pausoak ematen segi dezagun bakoitzak dituen esparru eta inguruetan.

Egin dezagun, ba, topa: Zabaldu botilak, osasuna, alaitasuna eta euskara. Txin-txin!

Gora Santixauak!