Ermua CDk Iñaki Garcia "Pele" zaldibartarraren aldeko apustua egin du, Aitor Fernandez elorriarrarekin batera, lehen taldeko buru izateko. Bederatzi urtez aritu da Pele Ohorezko Mailan eta 3. RFEFeko taldeak entrenatzen—tartean Elorrio, Ondarruko Aurrera, CD Getxo eta Durangoko Kulturala— eta, orain, "(Ermuko) lehen taldea zuzentzeko gogotsu" dagoela adierazi du.
Aitor Fernandez eta Iñaki Garcia 'Pele' Teodoro Zuazua futbol zelaian.
Bestalde, Pedro Gallegok hartu du Futbol Eskolaren koordinazioaren kargua. SD Amorebietan izan ostean, klubak "pozik" hartu du ermuarraren etxerako buelta.
Pedro Gallego Ermua CDren bufandarekin.
Bazkide txartela eskuratzeko azken aukera
Taldearen zaleek edo herriko kluba babestu nahi duen edonork 2024-2025 denboraldirako bazkide txartela eskuratu dezaketela gogoratu dute klubetik. Interesatuek Ermua CDren bazkide-formularioa bete dezakete. 15 euro ordainduta, etxean jokatutako partida guztiak ikusteko plaza bermatuko zaie, klubari urte osorako babesa eskaintzearekin batera.
Txartelak Teodoro Zuazuan bertan eskura ordaindu eta jaso ahalko dira: Irailaren 24an eta 26an (17:00-19:00 bitartean) eta 1. taldeak etxean jokatuko dituen lehen hiru jardunaldietan.