Txoko desberdinetako folk doinuek bat egingo dute Ermuan, ostegunetik igandera

Ander Gomez 2024ko ira. 10a, 07:03

2023ko edizioko irudia. Iturria: TOR.

Ostegunetik igandera, Folkez Blai lehiaketaren bigarren eta azken fasea jokatuko da. Sei finalistek 45-60 minutu tarteko zuzenekoa eskainiko dute Orbe Kardinalaren plazan. Horiekin batera, talde gonbidatu ugari egongo dira, tartean: 2023ko edizioko irabazlea eta 'Tapia eta Leturia Band'.

Irailaren 12tik 15era ospatuko da XIX. Folkez Blai lehiaketaren amaierako jaialdia.

Penintsulako txoko desberdinetako taldeek, antzinako doinu zaharrak eraberrituta eta bizi-bizi plazaratuko dituzte Ermuan: Picarós taldea Asturiastik etorriko da; Boroa, Galiziatik; Golconda, Kataluniatik; eta Cardelina, Gaztela eta Leondik. Dena den, bertoko ordezkaritza ez da faltako, finalera heldu baitira Old Time Spooks (aurtengo Vertigo Rock jaialdia ireki zuena) eta Besaide talde euskaldunak. 

Sariak

Epaimahaiak azken emanaldiaren ostean (igandean) emango du ezagutzera talde irabazlea. Honek, 3.000 euroko saria jasoko du, XXX. edizioan parte hartzeko gonbidapenarekin batera. Bigarren saria ere egongo da eta 1.500 eurokoa izango da. Finalera ailegatu diren talde guztiek, Ermura jotzera gerturatzearren, 500 euroko dirulaguntza jasoko dute.

Talde gonbidatuak

Ohi bezala, aurreko edizioko talde irabazleak kontzertua eskainiko du: 2023an, Valentziako X-Fanekaes izan zen garaile eta bere doinuak zuzenean berrentzuteko aukera izango dute ermuarrek ostiral honetan. Zapatuan, Tapia eta Leturia egongo dira, azkenaldian biran diharduten Band formatuarekin, eta plaza dantzan jarriko dute fandango, arin-arin eta denetariko doinuekin. Horietaz aparte, talde desberdinek kalejira formatuan emango diote hasiera egun bakoitzari.

Emanaldi guztietarako sarrera librea izango da. Kontzertuen eguna eta ordua ikusteko egin klik hemen. 

Herritarren parte hartzea

Egitaraua borobiltzeko, antolatzaileek jam sesioak antolatuko dituzte, inprobisatu nahi duten herritarrak ere taula gainera igo daitezen. Horrez gain, folk instrumentuak ikasteko aukera ere egongo da: Galiziako gaita, txirula, whistle-a, gitarra, bouzouki-a eta bibolina, besteak beste.

Erlazionatuak