Zilarrezko domina lortu zuen Errotabarrik 'Gojko Vucinic' txapelketan

Ander Gomez 2024ko ira. 10a, 12:16

Asteburua Elgoibarren eman zuten Errotabarriko kadeteek, eta Euskal Herri osotik etorritako gazteekin jokatzeko eta harremanak sortzeko aukera izan zuten, eskubaloi zaleen topaleku bihurtu den Gojko Vucinic-en omenezko txapelketan. Finalera ailegatzea lortu zuen talde ermuarrak eta, borobiltzeko, atezain onenaren saria jaso zuen Leire Burdellek.
Argazkiak: Barren.

Irailaren 6an, 7an eta 8an, Gojko Vucini memoriala jokatu zen Elgoibarren. Txapelketaren seigarren edizioa izan zen eta, Sanlo eskubaloi taldea anfitrioi zela, Euskal Herri osotik etorritako taldeak batu ziren bertan: Eibarra, Zumaiako Pulpo, Oreretako Ereintza, Zumarragako Urola, Iruñako Anaitasuna, Atarrabiako Malkaitz eta Errotabarri bera. Loiuko Urdaneta etaTolosa ere bertan izan ziren, baina mutilen taldeekin soilik.

Txapelketa bikaina egin zuten ermuarrek eta finalera ailegatzea lortu zuten. Pulpoko neskekin neurtu zituzten indarrak, eta zumaiarrek lortu zuten garaipena, 3 puntu eskaseko aldearekin: 22-19.

Sari banaketa

Bukatzean, jokalari eta atezain onenen sariak banatu ziren. Pulpo taldeko Asun Gomezek jaso zuen jokalari onenaren saria. Atezain onenaren garaikurra, ordea, Ermura ekarri zuen Leire Burdellek, Errotabarriren atean egindako "euste" lanarekin taldea finalera eramaten laguntzearren.