Atzo, igandea, amaitu zen Folkez Blai lehiaketaren lau eguneko egitaraua. 19. edizioa izan da aurtengoa eta toki desberdinetatik etorritako taldeek hartu dute parte: Galiziatik, Asturiastik, Gaztela-Leondik, Kataluniatik… Baina badute zerbait amankomunean: euren lurraldeko tradiziozko musika edota munduko kultura desberdinetako doinuak gaur egungo eszenara ekartzea dute helburu.
Ermuko Folkez Blai lehiaketak hori bera du xede eta taldeei bultzadatxoa emateko saiakera egiten du, alde batetik jaialdiak berak eskaintzen duen ikusgarritasunarekin eta dirusariekin bestetik: Irabazleen txeke potoloez gain, talde guztiek 500 euro jaso dituzte lehiaketan parte hartu eta kontzertua eskaintzearren soilik.
Aurtengo irabazleak
Bart iluntzean eman zuen ezagutzera epaimahaiak XIX. Folkez Blai lehiaketaren emaitza: Kataluniako Golconda taldea izan zen irabazle eta 3000 euroko saria jaso zuen, 20. edizioko jaialdirako gonbidapen ofizialarekin batera.
Bigarren saria, ordea, etxean geratu zen: Old Time Spooks euskal taldeak jaso zuen 1500 euroko dirusaria.