Bihar, igandea, Martxa Zikloturista egingo da Ermuan eta partaideek bertako kaleak zeharkatuko dituzte bizikleta gainean, Mugikortasunaren Asteari behar bezalako amaiera emateko. Kaskoa eta arropa erosoa eramatea gomendatu dute eta, behar dutenentzat, bizikletak konpontzeko postutxoa jarriko dutela jakinarazi dute.
Tailertxoa plazan bertan egongo da, 10:30etatik aurrera, Kalapie Hiriko Txirrindularien Elkartearen eskutik.
Ibilbidea
Martxa Orbe Kardinalaren plazako kioskotik hasiko da, eguerdiko 12etan, eta Probalekurantz joko du. Merkatu Plaza inguratu eta San Pelaio kaletik bertako plazaraino helduko da. Buelta osoa egin eta kale beretik Merkatura itzuliko da. VI. Mendeurrena kaletik gorantz jo eta Zubiaurrerekin bat egitean, Orbe Kardinalaren plazarako buelta egingo da, kioskoan martxari amaiera emanez.