Bookface lehiaketako irudi irabazleak partekatu ditu liburutegiak

Drogetenitturri 2024ko ira. 24a, 07:27

Bukatu da Ermuko Udal liburutegiak antolatutako Bookface lehiaketaren III. edizioa eta irabazleak iragarri berri ditu. Berrogei lagunetik gora hartu dute parte, adinka sailkatutako kategoria desberdinetan. Irabazle bakoitzak liburu sorta bat eta Ermua Antzokiaren programazioko ikuskizun baterako sarrera bikoitza jasoko ditu sari.

Uda aurretik zabaldu zuen liburutegiak Booface lehiaketa eta irailaren 15era arte bidali zitezkeen argazkiak. Epea amaitu eta aste bat hartu dute epaimahaikideek, jasotako partaideen proposamenak —44 guztira— aztertu eta baloratzeko.

Hiru kategoria desberdinetan banatu dituzte sariak, adinaren arabera:

14 urtetik beherakoak

Haur eta gaztetxoek bidalitako argazkien artean, Biel Lombraña Conesak (6 urte) sortutakoa hautatu du epaimahaiak, "Momiaren Madarikazioa" liburuarekin egina (Rafael Ordóñez eta José Fragoso, 2001).


15 eta 40 urte bitartekoak

Enaitz Mugerza Elustondok (37 urte) egindako bookface-a izan da gazte eta helduen kategoriako irabazlea, "La soledad de los números primos" liburuarekin (Paolo Giordano, 2008).


41 urtetik gorakoak

Azkenik, Esther López Portugalen (61 urte) argazkia saritu du epaimahaiak, "Inside Moebius" liburuarekin ateratakoa (Jean Giraud Moebius, 2004).