Txirrindu gainean eman zuten Mugikortasunaren aste osoa

Ander Gomez 2024ko ira. 25a, 12:15

Irailaren 16tik 22ra bitartean, Europako Mugikortasunaren Astea ospatu da Ermuan. Hainbat jarduera antolatu dituzte horren bueltan, tartean: Ermuko Txirrindulari Elkartearen formakuntzak bertako eskoletan eta igandeko Martxa Zikloturista herrikoia. Irudiak: Estibalitz González eta Ermuko Txirrindulari Elkartea.

Eskoletako jardunaldiak

Ermuko Txirrindulari Eskolako arduradunak herriko ikastetxe desberdinetan izan dira Europako Mugikortasun Astean zehar: Anaitasuna, San Pelayo, Ongarai, Eskolabarri eta San Lorenzo. Errepidean bizikletaz ibiltzearen inguruan jardun dute, trafiko arauak esplikatuz eta segurtasun aholkuak emanez. Umeak bizikleta gainean trebatzeko ginkanak ere prestatu zituzten, jolas eta ariketa desbiderdinak muntatuz ikastetxeetako patioetan.


Martxa zikloturista

Igandean, Autorik Gabeko Nazioarteko Egunean, martxa zikloturista herrikoia antolatu zen. Ermuko Txirrindulari Elkarteko kide diren haur zein beteranoek ez zuten hitzordua galdu eta, haiekin batera, herritar ugari eta astean zehar formakuntza saioetan izandako ikasleak ere izan ziren. Berrogei lagunetik gora zeharkatu zituzten Ermuko kaleak, garraio jasangarrien aldeko aldarria eginaz.