Irailaren 27an (ostiralean) bandera igoera egingo da udaletxean, arratsaldeko 7etan. Ohorezko ardoa, ostera, igandean izango da, 13:00etan Gaztela-Leongo Kultur Etxeko lokalean. Azken egunean, urriaren 6an, anaitasun-ahizpatasun bazkaria egingo dute, lokalean bertan, 14:00etan.
Hitzaldiak eta jolasak txikienentzat
Irailaren 27an, 17:00etan, umeei zuzendutako "TEL - Hizkuntzaren nahaste espezifikoa" hitzaldia eta tailerrak egingo dira Lobianon. Hurrengo ostiralean, urriaren 4an, "Ikasi lupusarekin bizitzen" hitzaldia egongo da, Lobianon ere, 18:00etan hasita. Sarrera librea izango da bietan, aforoa bete arte.
Sentsibilizazio ekintza horiez gain, jolasteko aukera ere egongo da: Gaztela Leon Kultur Elkarte parean haurrentzako jolasak jarriko dituzte irailaren 30etik urriaren 3ra, egunero, 18:00-20:00 bitartean. Horrez gain, ume zein nagusientzako futbolina ipiniko da igande honetan (irailaren 29an), 11:00etatik 13:00etara, lokal parean ere.
Ospakizun bereziak denentzat
Ekitaldi potoloentzako tartea ere egin dute: Zapatu honetan, irailaren 28an, Buztinaren Eguna ospatuko dute Kultur Etxe parean, Buztin Gorri Zeramika Kolektiboaren laguntzaz, 11:00-13:00 bitartean. Egunean bertan ere XXXVI. José Merino Memoriala jokatuko da, 18:00etan. Bestalde, urriaren 4an, 5ean eta 6an Erdi Aroko azoka bueltatuko da Ermura, eta kale-animazioz eta postuez beteko dute Orbe Kardinalaren plaza.