Azoka Eguna nekeza izaten da antolatzaileentzat baina, aurretik ere, prestaketa-lan mordoxka daudela ahazten dugu sarritan: Artisauen azoka, ikastetxeekin eta gonbidatuekin harremana, txikuri eta postu desberdinen (talo, sahieski, tiket) ardura, diru-kontuak, komunikazioa, errifak eta porrak, babajana... Horregatik, Euskal Birusak deituta, herritar desberdinez osatutako 'San Martin batzordea' sortu zen atzo, irailaren 30ean, Lobiano Kulturgunean. 34 lagun batu ziren lehen bilera honetan eta bost lantalde osatu zituzten, bakoitzak ardura desberdinak hartuta.
Euskal Birusa elkarteko kideak "oso pozik" agertu dira "jasotako babesagatik" eta herritarrak "lanerako prest" daudela ikustearren: "Azken finean, euskara sustatzeko jaia izatearekin batera, San Martin azoka herri-lana da".