Ermuko gazteen artean idazteko grina pizteko sortutako Juanita Ibaibarriaga lehiaketa martxan da eta, aurrekoetan bezala, Ermuko ikastetxe guztietako ikasleen partaidetza espero da.
LH kategoria
Lehen Hezkuntzako parte-hartzaileak 3. mailatik gorakoak izan beharko dira. Ipuinak edo narrazioak idatzi ahalko dituzte, gaia librea delarik. Kurtso bakoitzeko saritu bat egongo da eta 40 euroko erosketa bonoa jasoko dute Ermuko merkatarien elkartearen komertzioetan erabiltzeko.
DBH kategoria
Bigarren Hezkuntzako ikasleek ipuinak, narrazioak edota erreportajeak idatz ditzakete. Era berean, gaia librea izango da eta kurtso bakoitzeko saritu bat egongo da. Irabazleek 60 euroko erosketa bonoa jasoko dute EMOEren komertzioetan erabiltzeko.
Lanen aurkezpena eta sari-banaketa
Ikasleek berauen ikastetxeetan entregatu ahalko dituzte lanak; bestela, Lobianon ere aurkeztu ahalko dituzte, eskura, edo online euskara@udalermua.net helbidera bidalita. Lanak aurkezterakoan egilearen anonimotasuna zaindu beharko da: Eskura aurkezten dutenek kartazal handi batean sartu beharko dute idazlana eta, harekin batera, egilearen datuak dituen gutun itxi bat. Online eginez gero, idazlana eta datuak bi artxibo desberdinetan bidaliko dira.
Honakoak dira erantsi beharreko datu pertsonalak:
- Izen-abizenak
- Adina
- Ikasturtea
- Helbidea
- Telefonoa
Azaroaren 5era arte aurkeztu ahalko dira lanak eta sari-banaketa Euskararen Egunean egingo da, abenduaren 3an, Ermua Antzokian egingo den ekitaldi berezian.